Tolosa Eskubaloia: aurten bai!

Mikel Iraola 2016ko maiatzaren 2a

Argazkia: Tolosa Eskubaloia

Ligako txapeldun da Tolosa Eskubaloia, Beti-Onaken aurka 24-36 irabazi eta gero. Igoera fasea jokatuko du maiatzaren 27tik 29ra. 

Aurten bai! Esaldi hori errepikatuz izan dira azken urteak Tolosa Eskubaloiko jokalariak. Begiz jota zuten igoera fasea, baina saririk ez orain arte. Aurten bai.

Sari bikoitza, gainera. Faserako sailkatzeaz gain, liga bera irabazi dutelako. Txapeldunak dira tolosarrak. Historikoa bezain merezitakoa. Ikaragarria da azken urteotan taldeak eman duen jauzia. Lanak, eman ditu fruituak.

Atzera kontaketa aspaldian hasia zen. Larunbatean Atarrabian amaitu zuten kontaketa hori, Beti-Onak taldeari irabazi eta gero. Hasieratik irten ziren garaipenaren bila. Horren erakusle atsedenaldiko emaitza: 11-19. 

Gozatu egin zuten tolosarrek kantxan. 24-36 amaitu zen partida, eta zoramena harmailetan, kantxan eta aldagelan. Queen taldearen We are the Champions kantuaren doinuekin batera, izugarrizko festa izan zuten dutxa azpian. Txanpaina ere ez zen falta izan.

Merezitakoa. Ez da nolanahikoa lortutakoa.

Festa borobiltzeko eguna izango da larunbata, denboraldiko azken partida jokatuko baitu Usabalen, 19:00etan. 

Bulegoko lana, hastear

Urtea ez da amaitu, ordea. Igoera fasera dator orain, eta taldeak lanean jarraituko duen bitartean, bulegoko lana ere egin beharko du Tolosak. Izan ere, zuzendaritzak lehen fasea Tolosara ekarri nahi du. Maiatzaren 9an jakinaraziko du Federazioak non jokatuko den fase hori. Maitzaren 27tik 29ra jokatuko litzateke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!