«Bada garaia gauzak gordin esateko»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko mai. 1a, 14:00

Argazkiak: Josetxo Perez

Baterian Aritz Tarragona, gitarrarekin Fermin Manzisidor Mantxi eta baxua joz eta taldeari ahotsa jarriz Natalia Garmendia (Tolosa, 1972) dira Humus taldeko kideak. Bonberenean grabatu dute Adorez deituriko beren azken diskoa eta bertan aurkeztuko dute maiatzaren 28an. Soinu aldaketa lortu omen dute oraingoan eta gauzak inoiz baino argiago esaten saiatu omen dira. Horrelaxe erantzun ditu galderak Garmendia taldekideak.

'Adorez', zertarako adorez?

Adorez kontzeptua pertsonalki asko gustatzen zaidan kontzeptua da. Adorez egiten diren gauzak ez dira lana direlako egiten, ezta ere diruaren truke edo behartuta; adorez egiten diren gauzak benetan nahi direlako egiten dira.

Azken finean, adorez egin edo adorez ez egin. Adorez egiten ez dituzunak benetan egin nahi ez dituzulako egiten dituzu horrela. Orduan argi dago zergatik egin nahi izan dugun adorez; benetan nahi izan dugulako. Kapritxo bat izan da. Orain arte egin dugun lan laburrena da hau. Lana, esfortzua eta zuhurtasuna batzen dituen kontzeptua da adorez eta uste dut gure taldea horren adierazle izan daitekeela. Gure seigarren lana da hau. Urte pila bat daramatzagu hemen eta eskerrak horrelako gauzak egiten laguntzen diguten lagun asko ditugula! Omenaldi bat ere bada boluntario moduan lana egiten duten horientzako; adorez egiten dituzun gauzetan, ematen duzuna eta jasotzen duzuna desberdina delako.



Lau kantuko lana izanda, estudiora sartzeko gogo berezia zenuten?

Esan beharra dago aukeratutako lau kantu izan direla grabatu ditugunak. Kantu gehiago bagenituen, baina horiek grabatzea erabaki dugu espresuki. Egia esan gogoa genuen estudiora sartzeko, freskotasuna mantentzeko. Ez dakit zergatik, lan luzeak garrantzitsuagoak edo beteagoak izan ohi dira eta guk horri buelta eman nahi izan diogu. Zazpi, zortzi, hamar abestiko lanak eginda ditugu baina orain hau egiteko momentu zela iruditu zaigu. Zazpi abestiko lana egin ahal genuen baina ez genuen nahi. Zergatik? Ba ez dakit oso ondo, kapritxo bat izan da lau kantu grabatzea. Gehiago bagenituen nahi izanez gero.

'Hemen gelditzen da', 'Gorde', 'Adorez' eta 'Dutenari begira' izena dute kantuek. Ibilbide bat kontatu nahi dute?

Bai, baina ez da istorio bat. Hemen gelditzen da kantua oso berezia da niretzat, barkamenaren inguruan hitz egiten duelako. Jende askok, pertsonalki zerbait egiten badizu barkatu egin behar diozula uste du. Baina zergatik barkatu behar da? Pertsona horrek barkatua izatea behar badu ere, egindako hori ez barkatzeko aukera hor dago; ez diozu zertan barkamena eman. Ez zait iruditzen dena barkatu beharra dagoenik eta batek baino gehiagok hor asko ikasteko duela esango nuke. Ez dut esan nahi bere laguna izateari utzi behar diozunik, baina barkamena ematea... gauza batzuk barkatzen dira eta beste batzuk ez.

Horren harira, egin nahi ez dituzun gauzak zuretzako gorde. Eta egiten badituzu zeure kulpa da, zeuk egin dituzu. Ondoren, egiten baldin badituzu nola egin behar dituzu? Adorez. Baina egiten baldin badituzu, zuk egiten dituzu, ez dituzu egiten besteek dutenari begira.

Hirukote izatera bueltatu zarete. Zein desberdintasun nabaritu dituzue horrelako lan bat osatzerakoan?

Aurreko diskoan laukotea ginen eta horrek nolabaiteko lasaitasun bat ematen dizu. Beste kide bat gehiago izateak babesa ematen du bai musikalki, bai pertsonalki eta baita taula gainean egoterako orduan ere. Bestalde, gordin puntu hori berreskuratu dugu bateria, baxua eta gitarra izatera bueltatzean. Gainera, bigarren gitarra ez egoteak guk gauzak beste era batera egitea ekarri du. Taulan beti nabaritzen da bat gutxiago izatea baina nire ustez, lortu dugu hori beste gauza batzuekin konpentsatzea. Azkenean, soinu aldaketa bat egon da. Abesti berriek buelta bat gehiago ematen diote gure ibilbideari, estilo desberdinak jorratzen baitituzte. Horrela, hasierako kontzeptura bueltatu gara bai formatu aldetik eta baita taula gainean erakutsiko dugunarekin ere. Pertsonalki taldekideak gehiago batu garela uste dut.

Gordin puntua aipatu duzu. Halakoxeak dira zuen letrak ere.

Bada garaia gauzak gordin esateko. Itxurakeria asko dago mundu honetan, eta ez dugu telebistara edo prentsara joan beharrik. Ni pertsonalki nazkatuta nago, aspertuta. Txorakeria asko dago mundu honetan eta gu beti izan gara gauzak gordin esatekoak. Beti esaten didate nire letrak lausoak direla, ez direla oso ondo ulertzen (barrez). Oraingoan saiatu naiz gauzak argiago esaten eta lortu dudala esaten ausartuko nintzateke.

Ausartuko zinateke lortu duzuen hori deskribatzen?

Lana. Adorea. Ilusioa. Egindakoa lagunekin konpartitzeko gogoa. Beti izan gara zuzeneko taldea, eta grabaketa egin beharrekoa den prozesua dela uste dut. Grabaziorik gabe zaila da egiten duzun hori besteei helaraztea ez badira zure kontzertu bat ikustera etortzen. Estudioko lan honetan zuzeneko gordintasuna eta freskotasuna transmititzen saiatu gara.

Aurreko diskoarekin (Saurius, 2013) hiru urte egin dituzue eta 40 bat kontzertu eman dituzue. Ez zarete kontzertu asko jo zaleak.

Oso zaila dago. Gure zirkuitua nahiko mugatua da eta esango nuke gu bezalako talde bat izateko dezente jo dugula. Gainera ez dakit zer gertatzen den zuzeneko emanaldiekin azken urteetan, polarizazio moduko bat dago: ia jende guztia komunikabideetan entzundakoa ikustera joaten da beste guztia alde batera utzita. Ez dago lehen zegoen jakin-min hori.

Jendeak taldeak diskoen edo bestelako plataformen bidez aurkitzen ditu zuzenekoen bitartez beharrean?

Bai, dudarik gabe. Nik uste orain jendeak plataforma digitaletan begiratzen duela zer egiten duzun eta hori ere bueno, norbaitek esan badizu zure lagunak talde bat duela. Horregatik uste dut oso garrantzitsuak direla sare sozialak.

Sare sozialak oso inportanteak dira gaur egungo gazteriak erabiltzen dituelako, batez ere. Eta hala ere, hori ez bazaio gustatzen jendea ez da joango kontzertura, ezta kuriositateagatik ere. Zuk talde baten abesti bat entzun dezakezu eta agian ez da talde horren isla. Horrela izan daiteke, eta normalean izaten da, baina jendea oso nagia dela uste dut kontzertuetara joateko.

Agian lehen baino eskuragarriago dagoelako musika orain.

Dudarik gabe. Baina musika dago orain eskuragarriago, ez taldeak, ez musikook eta ezta kontzertuak ere. Askotan gertatu zait disko bat ondo dagoela iruditzea baina gero zuzenekoan, disko hori defendatzeko orduan, kontrako sentsazioarekin irtetea. Alderantzizkoa ere bai: diskoa entzun eta gehiegi ez konbentzitu ondoren, zuzenekoarekin flipatzea. Hori guztia galtzen duzu kontzertuetara ez bazara joaten.

Kantu batekin talde bat nolakoa den ezin dela jakin esan duzu. Zuek kolaborazio batekin kontatu duzue diskoko singlean.

Luxuzko kolaborazioa gainera. Oraingoan testu gordinak nahi genituen eta Euskal Herri mailan norbaitek testuak ondo egiten baditu, hori Juantxo Arakama da. Niretzat testu ikaragarriak egiten ditu. Eta ez hori bakarrik, oso ondo egituratuak, gauzak oso zuzen esanak eta hori zen guk nahi genuena. Beraz, kolaboratzea proposatu genion.

Single bezala sartu dugu berak kolaboratutako kantua. Azkenengo lanetan diskoen izena ez da abesti bat izan eta hasierako sustraietara bueltatzeko prozesu horretan, diskoaren izenak singlearena izan behar zuen. Juantxorenak dira hitzak Adorez kantuan. Bueno, horrela esan nion proposatu nionean: «Nik bi lerro ditut kantu honetarako. Bi lerroak nireak dira eta gainontzeko 50ak zuretzat!».

Sustraietara bueltatzeko bide horretan, kantuak egiteko prozesua ere aldatu duzue?

Modu guztietara egin izan ditugu abestiak: lokalera joan eta bertan aterata, etxetik pentsatuta eraman eta lokalean osatuak... Inprobisatuz ez, baina normalean lokalean egiten ditugu. Argi eta garbi dugu egun gutxitan egindako kantuak direla gelditzen direnak. Zergatik? Horren erantzuna ez daukat. Baditugu abestiak zuzenekoetara joan ez direnak, grabatu ez direnak eta hor daudenak.

Bonbereneako estudioan grabatu duzue eta berriro ere Karlos Osinaga 'Txap'-en eskuetan jarri zarete.

Gure azkeneko diskoak berarekin grabatu ditugu. Kriterio asko dauka. Ateak eta leihoak beti irekita ditugu guk, zuzeneko emanaldia gauza bat baita eta beste bat diskoaren grabazioa eta produkzioa. Hor profesionalei lan egiten utzi behar zaie eta guk gure musika jarri. Bestela ez dauka zentzurik diskoa grabatzeak. Norbaiten eskutan jartzen bazara berari utzi behar diozu horren ardura, bestela, etxean grabatzea hobe.

Diskoaren aurkezpena ere Bonberenean.

Bai, etxean. Madrilgo lagun batzuk etorriko dira aurkezpenean gurekin batera jotzera. Doble Capa izena dute. Hortik aurrera, hemen inguruan kontzertu batzuk egitea da asmoa, baita hemendik kanpora ere. Egia esan, gauza gutxi planeatzen ditugu guk. Espainiako Estatu mailan kontzertu batzuk emateko asmoa dugu, Zaragozan eta Madrilen. Katalunian jotzea ere pentsatzen dugu. Gure baliabideen eta gure neurrien arabera mugituko gara, gogo eta ilusio handiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!