Hogeita lau pilotarik parte hartuko dute San Joan sarian

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 29a, 10:53
Irudian, txapelketan parte hartuko duten pilotari guztiak, antolatzaileekin batera

Maiatzaren 7an hasiko da lau t'erdiko txapelketa eta finala ekainaren 25ean jokatuko da

Beotibar pilotalekuan aurkeztu zuten atzo, aurtengo lau t'erdiko San Joan saria. Maiatzaren 7tik 25era jokatuko da txapelketa honetako bigarren edizioa, eta hiru mailatako pilotariak ariko dira jokatzen: kadeteak, promesak eta eliteak. Partida guztiak Beotibar pilotalekuan jokatuko dira; lehen hirurak hurrengo larunbatean izango dira. Finala, berriz, ekainaren 25ean jokatuko dute A taldeko irabazleak B taldeko irabazlearen aurka.

Aurkezpenean parte hartu zuten Patxi Amantegik, Tolosako Udaleko zinegoztiak, Patxi Jauregik, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariak, eta Alex Sanchezek, Ogiberriko ordezkariak. Amantegik San Joanak tolosarrentzat "festa nagusietako" bat direla eta "horrelako egun sonatuan, ezinbestean pilotak bere lekua izan behar du". Hortaz, udalak ahal duen heinean pilota "babestuko" duela, eta larunbatetan Beotibar pilotalekuan "kirol honetaz gozatzeko" gonbita luzatu zuen.

Jauregik azaldu zuenez urteko pilota egutegian "leku bat" egiten ari den pilota txapelketa da, San Joanetakoa, eta sariketa hau festetako egutegian sartzean "bere balorea" duela azpimarratu nahi izan zuen. Beotibar pilotalekua, pilota munduan "irudi" bat dela eta esku pilota "osasuntsu" dagoela azaldu zuen, eta horrelako txapelketa bat pilotarentzat eta pilotarientzat positiboa dela ere gaineratu zuen.

Hemen txapelketan parte hartuko duten pilotarien zerrenda:

KADETEAK

A TALDEA: Egiguren, Apezetxea, Osa eta Yuste.

B TALDEA: Mata, Iriarte, Ruiz de Larramendi eta Zabala.

PROMESAK

A TALDEA: Zubizarreta, Egiguren, Alberdi eta Exposito.

B TALDEA: Salaberria, Aranguren, Apaolaza eta Elola.

ELITEAK

A TALDEA: Urretavizcaya, Peña, Sancho eta Bakaikoa.

B TALDEA: Errandonea, Laso, Eneko Labaka eta Peru Labaka.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!