UNIMAren kongresua Tolosako Topic zentroak hartuko du

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 28a, 15:48

Mundu osoko elkarte teatral zaharrena da UNIMA, eta 130 kide elkartuko dira hitzordurako; Donostia 2016ko egitarauaren barruko jardunaldia da.

Txina eta Australia urrun daude, oso, Tolosatik. Badira, ordea, mapek agindutako distantziak laburtzeko hariak, teknologiaz gaindi: txotxongiloenak. Mugez haragoko bi lurralde horietatik igaro eta gero, Munduko Txotxongilo Jaialdia (World Puppet Festival) Gipuzkoara iritsiko da datorren maiatzaren 28an.

Joko olinpikoek beste hainbat ekitaldi eta ospakizunen datak kalkulatzeko balio izaten duten heinean, Munduko Txotxongilo Jaialdiak ere bat egin ohi du lau urtez behineko hitzorduekin. Horrela, Donostia 2016ko egitarauan bete-betean txertatu zuten, hautagaitza aurkeztu zuten lehen aldian: «Topic zentroko arduradunen lanari esker, aurkezturikoa gauzatzeko aukera izango dugu, beraz, eskerrak eman behar dizkiegu», azaldu du Pablo Berastegi Donostia 2016 kultur hiriburutzako zuzendariak.

Jaialdiaren emanaldi eta jarduera gehienek Donostian bertan izango dute tartea eta, horrenbestez, Donostia 2016ko egoitzan plazaratu dute egitasmoa. Berastegiren alboan, ordea, beste hainbat ordezkari ere izan dira: Norka Chapiusso Donostia Kulturako ordezkaria, Guillermo Gil UNIMAko ordezkaria, Encarni Genua txotxongilolaria, Idoia Otegi Topic zentroko zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea.

Guztiek ere txotxongiloen arteaz blaitzeko gogoa nabarmendu dute, eta herritarrei dei egin diete «mundu magiko horretan murgiltzera». Izan ere, haurrentzat landurikoak bezain liluragarriak izango dira, helduentzako prestaturiko txotxongilo ikuskizun eta emanaldiak.

39 konpainia bertaratuko dira, maiatzaren 28tik ekainaren 5era bitarte. Aretoen gerizpean 11 ikuskizun eskainiko dituzte eta kalean, berriz, 28 emankizunez gozatzeko aukera izango da. Tolosan, Euskal Herria plaza, Plaza Berria, Lopez Mendizabal plaza eta Trianguloa plaza izango dira hari eta sokez dantzaturiko panpinen oholtza.

World Puppet Festival-ak, ordea, ikuskizunez haragoko foroak sortzeko ere balioko du: UNIMAren –Union Internationale de la Marionnette– kongresua Tolosako Topic zentroan ospatuko dute, maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitarte. Munduko elkarte teatral zaharrena da Guillermi Gilek azaldu duenez, eta txotxongiloen maitale oro izan daiteke bertako kide. Horrela, kongresura 130 parte hartzaile iritsiko dira, 12 herrialdetatik; tartean Afrika, Japon eta AEB.

Idoia Otegi Topic zentroko zuzendariak «harrotasuna» azaldu du UNIMAren kongresua Tolosak hartuko duelako, eta gogora ekarri du Txotxongiloaren Lagunen Hirietako kideek ere parte hartuko dutela egitasmoan; Tolosa izan zen sortzaileetako bat.

Guillermo Gilek, bere aldetik, «ekimen errepikaezina» izango dela azpimarratu nahi izan du: «Mundu osoko txotxongilolari eta konpainiak elkartuko dira Gipuzkoan, eta posible da sekula gehiago hemen ez errepikatzea; ikustekoa izango da. Txotxongiloak kontu humanoa dira, jendea biltzen dute, beraz, anima daitezela herritarrak».

Aisialdia sortzeko jakintza

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak herritarren begiradak harrapatuko ditu eta, inaugurazio ekitaldia maiatzaren 28an izango da, Zurriola hondartzan.

Aisialdia irudimenaz betetzeko, ordea, ezinbestekoa da zenbait jakintza partekatzea, eta aurkeztu duten hitzorduak asko izango du jakintza banatzetik. Batetik, EHUren Udako ikastaroetan sinposio bat izango da, Donostiako Miramar jauregian eta, halaber, bi argitalpen aurkeztuko dituzte Tolosan: Txotxongilolarien errekurtsoen katalogoa eta Munduko Txotxongiloen Entziklopedia itzulia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!