Tolosarrek badute jai parekideagoak eraikitzen hasteko gidaliburua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 27a, 17:18

Maite Ruiz de Egilaz eta Mertxe Fernandez, aurkezpenean.

2013an abiarazitako parte hartze prozesuaren fruitua aurkeztu du Berdintasun sailak; Jaiak Berdinzaleago Bihurtzeko Gidak inauteriak eta sanjoanak hartu ditu ardatz.

Tolosar gehienen agendetan urteko egun garrantzitsuenetakoak dira sanjoanak eta inauteriak. Herritarren gozamenerako antolaturiko hitzorduok, ordea, badute alde txarrik ere: eguneroko gizartearen isla direla. Horrela, urteko gainontzeko egunetan gorpuzten diren rol eta jokabide matxistak festetan ere errepikatu eta indartu egiten dira. Baieztapen hori irauli eta jaietako plazak gizonenak bezain emakumeenak izan daitezen, gida bat aurkeztu du udalak.
2010. urtean Tolosako elkarte gastronomikoek herriko jardueretan zuten eragina aztertzen hasi zen udala, eraldatze bidean. Egitasmo haren haritik, fokua, Tolosako jaietako emakumeen parte hartzera begira jarri zen, eta 2013an Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko diru laguntza batek ahalbidetu du aurkeztu berri duten gida osatzea. Maite Ruiz de Egilaz berdintasun zinegotziak azaldu duenez, «Tolosako jaiak berdinzaleago bihurtzea izan zen aurreko agintaldiko proposamena, eta aurrerantzean ere eutsi egingo diogu horri».

Oraina aztertuz, geroa konpontzeko pausoak

Parte hartze prozesua izan da gida elikatu duen motorra, eta Tolosako jaiekin zuzeneko harremana duten elkarteetako ordezkariekin batera, interes pertsonala zuten norbanakoek ere utzi zuten beren alea bilkuretan.
Horrela, «guztira 40 herritarrek parte hartu zuten, eta eurekin batera izan ziren udal teknikariak eta udal gobernuko ordezkariak ere», Mertxe Fernandez berdintasun teknikariak azaldu duenez.
Hausnarketarako talde horrek Tolosako San Joan jaiak eta inauteriak izan zituen aztergai eta, ezinbesteak, festa horietan generoak eragiten dituen bereizketak eta egoera deserosoak behatzea izan zuten eginbehar nagusi: «Behin errealitatearen argazki hori aterata, 100 proposamen eraldatzaile baino gehiago bildu genituen, eta Tolosan zein Euskal Herriko edozein jaitan antolakuntza-filosofia berri bat definitzeko balio izan dute».
Aipatzekoa da, Jaiak Berdinzaleago Bihurtzeko Gida aurkeztea prozesu sendoago baten lehen pausoa baino ez dela izan, eta gida bera eta haren erabilera tailerrak antolatuz jendarteratuko dutela: «Batetik, prozesuan parte hartu zutenei zuzenean aurkeztuko diegu, gonbidapena bidaliz, eta deialdi irekia ere egingo du. Horrez gain, Tolosako jaiekin zerikusi zuzena duten talde edo eragileekin ere landu nahi dugu gidaren edukia», azaldu du Fernandezek.
Deialdi espezifiko horiekin batera, jada martxan diren sanjoanetako bilerak ere probestuko dituzte gida plazaratzeko, eta gauza bera egingo dute abendutik aurrera, inauterietako bilkurekin. Halaber, jaia, kultura, kirola, aisia, gazteria nahiz migrazioa jorratzen duten udal sailetako langileen artean ere banatuko dute argitalpena.
Gidak lau zati nagusi ditu, eta norberak bete beharreko galdeketa bat du hasieran, erantzunak bete eta hausnartzeko. Ondoren, jai berdinzaleak antolatzeko aipatu filosofia txertatu dute, eta herriko festetan desberdintasunak eragiten dituzten arrazoien zerrenda ere irakurgai dago. Azkenik, egoera aldatzeko proposamenez hornitu dute gida eta, bide batez, herritarrei ere atea zabalik utzi diete ideia berriak garatzeko.
Berdintasun sailak urte lanpetua darama, eta halaxe bukatuko dute, izan ere, III. Berdintasun planaren eta jaietako gidaren ondotik, Jaien Behatokia sortzeko lanean ari dira jada.

Jarraian irakurgai den gida behatokiaren osagarri izango da:

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!