Erabiltzaileen beharrei egokitzeko zenbait lan egin ditu Usabal kiroldegiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 26a, 14:37
Christian Fernandezek eta Asier Martinek ezagutarazi dituzten berrikuntza guztiak.

Mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileentzat igogailu hidarulikoa ezarri dute estalitako igerileku txikian ere; hurrengo ikasturtera begira ikastaro berriak txertatuko dituzte eskaintzan.

Tolosako Usabal kiroldegiak 1.200 erabiltzaile jasotzen ditu, bataz beste, egunero. "Datu bikaina" dela berretsita ere, kirolzaleen beharretara ahalik eta gehien egokitzeko etengabeko jarduna beharrezkoa dela azpimarratuz iragarri dituzte, Christian Fernandez Tolosako Udaleko kirol zinegotziak eta Asier Martin Usabal kiroldegiko kudeatzaileak, instalakuntzari txertaturiko azken berrikuntzak. Besteak beste, inauguratu berri dute estalitako igerileku txikiko igogailu hidraulikoa, mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei zerbitzu bat gehiago eskainiz.

Asier Martinek azaldu duenez, Usabalek "hasiera-hasieratik erantzun izan die mugikortasun arazoak dituzten erbailtzaileen beharrei", eta aldian aldiko egokitzapenak egiten dituzte, horri begira. Horrela, igerileku txikian zenbait ikastaro berezi eskaintzea ahalbidetzen die, orain, igogailu hidraulikoak. Gainera, Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioarekin elkarlanean ari direla ere aurreratu nahi izan dute: "Gai horren inguruan ditugun gabeziak osatu nahi ditugu".

Inklusibitate eta errespetuaren esparrutik gehiegi urrundu gabe, Respect kanpaina ere abian du Usabalek: "Errespetuzko jokabideak sustatu nahi ditugu erabiltzaileen artean, eta oso gogoan izan behar dugu, guk kiroldegia garbi nahi baldin badugu, ondorengoek ere hala nahi dutela", azaldu du Asier Martinek. Bide beretik, kontzientzia hori ingurumenaren plazaraino ere helarazi nahi dute, eta Usabalen energiaren kontsumoa nahiz kutsadura murrizteko zenbait lan egin berri dituztela azaldu du Christian Fernandezek: "Efizientzia energetikoa da gure helburua, eta horretan lanean jarraituko dugu, gainera".

Usabalen badira urtero-urtero errepikatzen dituzten ikastaro arrakastatsuak, baina horrez ez die, azken hamar urteotan, zerbitzu berritzaileagoak arrakastaz txertatzea eragotzi. Horren adibide da urtarrilaz geroztik martxan den fisioterapia zerbitzua, eta bertan eskaintzen duten abdominal hipopresibo ikastaroa: "Egia esan, uste baino harrera hobea izan du, eta oso gustura gaude", dio Martinek.

Baina fisioterapia zentroa ez da urte berriarekin iritsitako nobedade bakarra izan: kirol taldeentzako fitness gunea ere egokitu dute, eta aurrera begira ere "gela hori hobeto hornituko dugu", Fernandezen arabera.

Datorren irailera begira, eskaintza zabaltzeko aukerak dituzte esku artean: "Patologia kronikoak dituzten taldeei begirako jarduera espezifikoak antolatu nahi ditugu, eta baita elektroestimulazioa erabiliz osaturiko entrenamenduak ere. Halaber, fitness esparruko joera berriren bat ekarriko dugu Tolosako kirolzaleentzat".

Datozen asteotan udako kanpainaren xehetasunak ere ezagutaraziko dituzte, egitaraua eta eskaintza prest baitute kiroldegian.

Kirola ere 2.0

Kirol eraikinetik kanpo ere, Usabal kiroldegiaren inguruko albiste eta informazioa jasotzeko aukera aspaldikoa da, Facebook nahiz Twitter profilak eskuragarri baitira sarean. Teknologia berrietan pauso bat gehiago emanez, ordea, usabalkiroldegia.com atarian hainbat tramite egin ahal izango dira aurrerantzean, erreklamazio eta izen-emateez gain: "Kiroldegiko kantxen erreserbak internet bidez egin ahal izateko plataforma sortzen ari gara, izan ere, erabilera handiko gunea da, eta telefonoz erreserba egiteak asko moteltzen du prozesua".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!