XIV orduko aukera berria ezagutu daiteke Bedaioko mendi martxan

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 26a, 09:54

Artubi kultur elkarteak antolatutako martxa maiatzaren 15ean ospatuko da; bi ibilaldi izango dira aukeran eta izena emateko epea maiatzaren 12an amaituko da

Bedaioko Artubi kultur elkarteak X. mendi martxa antolatu du maiatzaren 15erako, eta aurten XIV orduko ibilaldiak Amezketatik Tolosara mendiz joateko ematen duen ibilbide hori ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, ibilbide hori Bedaiotik pasatzen da, eta baita Bedaioko mendi martxa ere.

XIV orduko ibilaldiak , mendi martxaren ibilbidearekin bat egingo luke Zabalegi puntuan eta Larrondo, Urdilleko lepoa, Zarate, Añiazpia, Jazkugaina eta Altzoko gas ponpatze puntura arte ibilbidearen zati berdina izango litzateke. Hortaz, antolatzaileen esanetan, XIV orduak egiteko intentzioa duten mendizaleentzat «aukera ederra» da honakoa ibilbidearen zati hori ezagutzeko, bi aste beranduago izango den XIV orduak ibilaldia baino lehen.

BI IBILBIDE

Aurtengo mendi martxan parte hartu nahi dutenek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute; luzea (31,6 km eta 1.800 m-ko desnibela) eta motza (16,5 km eta 800 m-ko desnibela).

Luzean Artubi (1.262m) Tolosako mendirik gailurrena izango da ibilbideko punturik altuena, eta mendi, baso eta mendi pistak izango ditu. 07:30ean abiatuko da Bedaioko frontoitik, eta amaiera leku berean izango du. Tartean bost kontrol gune pasa beharko dira: Larrondo 1, Larrondo 2, Zarate, Jazkugaina eta Bedaio.

Ibilbide motza familientzat pentsatuta dago, «mendian ibiltzeko ohitura duten haurrek» ere parte hartu ahal izango dute, zortzi urtetik gora badituzte eta nagusi batek laguntzen baditu. 08:00etan abiatuko da leku beretik, eta hiru kontrol gune pasa beharko dituzte mendizaleek: Zarate, Jazkugaina eta Bedaio.

Proban izena emateko aukera maiatzaren 12an amaituko da, eta horretarako mendimartxa@bedaio.com-era idatzi behar da. Bi ibilaldietan parte hartzeko hamar euro ordaindu beharko dira. Ibilbide motzean parte hartzen duten 14 urtetik beherako gazteek doan egin ahal izango dute ibilbidea.

Parte hartzaileak helmugara iristen diren heinean babesleek eskainitako produktuak zozkatuko dira: mendi eta kirol materiala, bertako produktuak, afariak...Eskualdeko mendizaleak ibilaldian parte hartzera eta Bedaio ezagutzera «animatu» dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!