«Itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat»

Iosu Iturrioz 2016ko api. 22a, 11:00

Egurrak zertarako? Balea itxura duten eskulanak egiteko. Hortik Joseba Mercaderren (Tolosa, 1978) azken proiektuaren izena: Balegur. Bi horiek uztartuta sortutako eskulanak sortzen ditu.

Itxuraz gauzak ez dihoazkio batere gaizki. Besteak beste, Balegur proiektua Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarako hautatua izan da.

Itsasoan topatutako egur zatiei beste bizi bat ematen diezu.

Duela bi urte, hasiera eman nion Balegur proiektuari. Itsasertzean jasotako egur zatiekin hainbat eskultura egiten ditut. Bakoitzak etxean itsasoan barrena ibilitako egur zati bat izatearen ideiatik sortutako egitasmoa da. Eskultura polit bat edukitzeaz gain, proiektuak badu beste interpretazio bat: jendea kontziente izatea zer botatzen duen itsasora. Askotan ez gara jabetzen zer-nolako kaltea egiten dugun.

Afizio ala ofizio?

Afizio. Zalantzarik gabe. Eskulan bakoitzak 35 euro inguruko kostua du, eta lortutako diruarekin justu-justu lortzen dut gasolina ordaintzea. Eratze prozesua, gainera, oso luzea da. Hasteko, egurrak biltzen ditut. Ondoren, behin egurrak ondo lehortuta, forma ematen diet. Azken hori izan ohi da lan mardulena. Behin hori guztia eginda, eskulanei berniz berezi bat eman eta azkenengo ukituak ematen dizkiet. Itsasertzean egurrak hartzen ditudanetik eskulanak amaitzen ditudan arte denbora ugari igarotzen da. Askotan gelditu naiz lanean 02:00ak arte, ez behin eta ez birritan.

Noiztik datorkizu afizioa?

Itsasertzeko arroketan ibiltzea betidanik izan dut gogoko. Asko erlaxatzen nau. Han aurkitutakoa jasotzeko joera ere txikitatik izan dut. Duela bi urte inguru, egur batzuk jasotzen ari nintzela, egurren begiei erreparatzen hasi nintzen. Begia oinarri hartuta, egur zatietan balea bat irudikatzen nuen. Egur horiei beste bizi bat ematea pentsatu nuen. Orduan hasi nintzen begia abiapuntutzat hartuta balea itxurako artelanak sortzen.

Zergatik dituzu baleak oinarri?

Itsasoa gustuko izateaz gain, baleak ere beti izan ditut gogoko. Itsasora arrantzatzera joateko ohitura dut. Duela urte batzuk Bermeora [Bizkaia] joan nintzen. Itsasoaren barrualdean murgildu, eta balea izugarriak ikusi nituen. Zoragarriak! Orduz geroztik, are gehiago gustatzen zaizkit. Oraindik gogoan dut duela lau bat urte Donostian hilik agertutako balea. Berri hura bertatik bertara jarraitu nuen. Hark ere seguru eragina izan duela egungo proiektuaren oinarria balea izatean.

Birziklatzearen ideia proiektuaren funts garrantzitsuetako bat da, ezta?

Itsasertzeko egurrak jasotzeaz gain, aurkitutako ia guztia —baloiak, plastiko zatiak…— jasotzen dut. Itsasoan egon behar ez lukeena biltzen saiatzen naiz. Nahiz eta horietako asko Balegur proiektuaren parte ez izan, itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat. Hondartzan uretara zerbait erori eta jaramonik ez egitea ohiko jarrera da. Egitasmo honen bitartez, jendeak horrelako jarrerak saihestea gustatuko litzaidake. Azken batean, nik egindako eskulanek aditzera ematen dute uretara jaurtitako hainbat gauzaren erabilgarritasuna eta edertasuna.

Eskulan horietako bat erosi nahi duenak, zer egin behar du?

Bi ardatz nagusi ditut. Ahoz ahoko salmenta eta Facebook. Nire produkturen bat erosi nahi duenak Facebook sare sozialean ditudan argazkiak ikusi eta zein artelan erosi nahi duen esan besterik ez du. Mezu bat bidaltzea da bide errazena. Salgai ditudan produktuez gain, norbaitek eskulan bereziren bat egitea nahi izango balu, bide beraren bitartez harremanetan jarri beharko luke. Beren eskaera beteko dut, eroslearen beharrak asetzea beharrezkoa da eta.

Gureak taldeko argazkilaria, bideo grabatzailea eta editorea ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?

Balegur zaletasuna da, eta bizitzeko beharrezkoa dut Gureak taldean lan egitea. Uztartzea hainbatetan ez da erraza izaten. Balegur proiektuari ordu asko eskaintzen dizkiot. Normalean, lanetik atera ostean, arroka artean ibiltzera joaten naiz. Ibilaldi horiek nire eskulanetan erabiliko ditudan materialak biltzeko aprobetxatzen ditut. Gainerako guztia, Tolosako Box-en egiten dut. Orduak igarotzen ditut han lanean. Niretzat entretenimendu paregabea da. Horrek bi lanen uztartzea eramangarria izatea dakar.

Etorkizunean afizio hori lana izatea posible ikusten duzu?

Batek daki. Askotan pentsatu dut horretan. Balegur lan bihurtzea ikaragarria izango litzateke. Jada badut proiektu idatzia, baina errealitaterainoko pausoa ez da makala. Besteak beste, materiala biltzeko brigada sortu beharko nuke. Kostaldeko herri gehienek hondartzetan eta arroketan azaldutako zaborrak biltzeko brigadak dituzte. Balegur enpresa izatera iritsiko balitz, gure brigada beharko genuke. Eremu finko bat eduki eta han guk gure materiala soilik bildu. Prozesu konplexua da. Ea oraina nola doan, eta etorkizunean, beharbada, bide horri helduko diot. Laguntzaileak lortzea ere funtsezkoa da. Albaola, Mala Gissona eta Ternuarekin hizketan aritu naiz, baina oraindik ez dut ezer zehaztu. Laguntzaileak lortuz gero, proiektuan urrats handiak egiteko aukera izango nuke. Pixkanaka alor horretan aurrerapausoak emango ditudalakoan nago.

Etorkizunari ez diozu jaramon askorik egiten. Orainari bai, ordea.

Oraina bizitzea funtsezkoa da. Etorkizuna iritsiko da. Oraingoz, gozatzen ari naiz. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzan parte hartuko dut. Aurkeztutako hainbat proiekturen artean nirea hautatu dute. Urrian, azaroan eta abenduan egurrak biltzea zen nire ideia, eta, ondoren, guztia Tabakalerara eraman eta Donostiako portuan jartzeko balea erraldoi bat sortzea. Oraindik hasteko nago. Donostia 2016ren aginduaren zain nago. Proiektu honekin hasteko gogo handia dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!