«Txistuak izan ditzakeen hainbat aukera itzalean geratzen dira sarri»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 21a, 10:31

Tolosako Musika Bandarekin bakarlari moduan ariko da, bihar, Topic zentroan; Txistu symphonic ikuskizuneko piezak eskainiko dituzte, besteak beste.

Urtea polit doakio Garikoitz Mendizabali (Zestoa, 1973), txistuarekin, txistuaz eta txistutik bere egunerokoari begiratze horretan. Bilboko txistulari bandako zuzendari lanaz gain, master classetan, elkarlanetan nahiz askotariko musika proiektuetan bere hazia jartzen ari da, Euskal Herrian nahiz mugetatik harago.

Bide horretan, aretoek kontzertuak gogoangarri egiteko ahalmena dutela dio, eta Tolosako hitzordua bat gehiago bilaka daiteke, bere emanaldi kuttunen zerrendan. Topic zentroko aretoaren xarmari ikus-entzuleen hunkidura eta beroa batuko zaizkio, horretarako, bihar, 20:30ean.

Nola uztartuko dituzue txistua eta banda?

2011n Txistu symphonic proiektua martxan jarri nuen, eta bertan txistua orkestra sinfonikoarekin uztartzen zen, bakarlari moduan. Bizpahiru urte geroago, Txistu symphonic-eko hainbat melodia musika bandarekin oso ondo nahas zitezkeela pentsatu nuen eta, modu horretan, Euskal Herriko txoko gehiagotan emanaldiak eskaini. Material bera gehiagotan taularatzeko aukera izan zen hura eta, bide batez, musika bandek eta txistuak duen errepertorioa ugaritzekoa ere bai.

Honezkero hainbat bandarekin aritu zara jada.

Bai, Zumaian, Deban, Altsasun eta beste hainbat herritan landu dugu formatu hori. Tolosako Musika Bandako kideek ere kontzertu hori eskaintzeko deitu zidaten, eta pozik bertaratuko naiz bihar.

Bai bandarekin, bai orkestrarekin, txistuak protagonismoa hartzen du, bakarlari moduan aritzen baitzara. Txistuari gorazarre egin nahi zenion? Bere prestigioa azpimarratu, akaso?

Merezi duen prestigioa irabazia daukala uste dut. Ez da ahaztu behar, txistuak izugarrizko antzinatasuna duela, eta euskal gizartean oso txertatuta dagoen musika tresna dela. Gertatzen dena da, gure ohiturak eta krisiak subkontzientean txertatzen ditugula, eta txistuak izan ditzakeen hainbat aukera itzalean geratzen direla sarri. Horregatik, biharko kontzertua bezalako hitzorduek, txistu bakarlariari errepertorio ederra eskaintzen diote, erregistro askokoa. Emanaldian emozio asko transmitituko dira: harridura, ziur aski; une hunkigarriak ere sor daitezke; dantzarako doinuak ere izango dira, bizipoza sortzeko. Hori guztia, banda baten aurrean, bakarlari moduan, gaur-gaurkoz ez da ohikoena, eta hori da nire asmoa: txistuak dituen aurpegi eta aukera guztiak plazaratzea, poliki-poliki pedagogia pixka bat egiteko.

Gako batzuk eman dituzu, baina, zein izango da errepertorioa?

Lau doinu aukeratu ditugu. Musika bandarako preseski idatzitako Idiarena doinuaren bariazio batzuk, batetik. Pieza horixe izango da Txistu symphonic-en ez dagoen bakarra, Joxemari Altunak moldaketa bandarako idatzi baitzuen, 1990ko hamarkada hasieran. Horrez gain, hiru arin-arin eskainiko ditugu; bat Kepa Junkerarena eta besteak herrikoiak. Halaber, musikari frantziar batek Txistu symphonic-erako egindako moldaketak Angel Brizek maisuki idatzi zituen bandarako, eta baita Euskal kantu bilduma obra ere. Azkenik, Irribarrea eskainiko dugu, norberak oso desberdin bizi dezakeen momentu bat sortuz. Xabier Zabalaren melodia da, eta berak moldatu du musika bandarekin jotzeko ere. Beraz, lau doinu horiekin txistuak eta bandak eskaintzeko dutena erakuts dezakegu. Izan ere, normalean kalejira asko jo izan dira txistu eta bandarekin, baina hau beste aukera bat da.

Zure lan pertsonalean eraginik badu orkestrarekin edo bandarekin aritzeak?

Badira, bai. Orkestra batetik bestera ere aldea nabaritzen da, jotzeko moduetan eta piano-forte kontrasteetan kasu. Banden kasuan ere, banda batetik bestera izugarrizko aldea dago, baina, oro har, sentsazioak antzekoak dira, moldaketak Txistu symphonic-ekoekin fidelak baitira.

Emanaldi gehiago eskaini ahal izateko eta herritarrengandik hurbilago egoteko ekin zenion bandekin jotzeari. Euskal Herrian zer nolako harrera izan du?

Egin ditugunak oso-oso hunkigarriak izan dira. Egia da, orain arte, behintzat, lekuek ere zeresan handia izan dutela horretan. Debako klaustroan udan jo genuen, eta magia berezia zuen: eguraldi ederra, jendea oso gertu sentitzen nuen. Zumaian ere eliza txiki batean izan ginen, gainezka. Ez dira antzoki zabalak izan, eta jendea ez da urrun egon, beraz, espazioak berak lagundu izan du. Errepertorioari begira jarriz, berriz, geure burua goraipatzea ondo ez dagoen arren, oso ondo aukeratutakoa dela uste dut, harridura, hunkidura eta gozamen erritmikoa lortzen delako. Jotzerakoan gozatu egiten dugu, eta uste dut ikus-entzuleek igarri egiten dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!