De Prada epailearen aurka "neurriak" hartzeko eskatu du Fernandez Diazek

Ataria 2016ko api. 20a, 14:17

Argazkia: Juan Carlos Ruiz (Argazki Press)

Tolosako Bizikidetza Foroak pasa den astean Tolosan antolatutako mahai inguru batean azaldu zuen Espainian torturak egin direla, eta hitz horiengatik "neurriak" hartzeko eskatu dio Espainiako Barne ministroak CGPJ Espainiako Botere Judizialaren kontseilu nagusiari.

Legearen eta Justiziaren erantzuna indarkeriaren aurrean. Denak balio al du? Galdera horri erantzunak bilatzen saiatu ziren pasa den astean De Prada bera, Iñigo Iruin abokatua eta Carmen Lamarca Zigor Zuzenbidean katedraduna, Tolosako Bizikidetza Foroak antolatuta eta Garbiñe Biurrun gidari zutela.

Mahai inguru horretan, honela esan zuen, hitzez hitz: "Torturak egon dira, modu argian. Nire bizitza profesionalean susmo argiak izan ditut, baina auzitegietan ez zaio erantzun horri".

Fernandez Diazen ustez "Estatuko Segurtasun indarrentzat iraingarriak eta mespretxagarriak" dira hitz horiek. Barne Ministroak gaineratu du aztertu egin beharko dela "horrelako zerbait esan duen pertsona batek ea horrelako kargu bat izan dezakeen". 

Garbiñe Biurrun epaile eta mahai inguruko moderatzaileak TOLOSALDEKO ATARIA-ri esan dionez, "De Pradak argi eta garbi utzi zuen herritar moduan" hitz egiten ari zela. "Uste dut De Prada eta gainerako epaileak gure adierazpen askatasunaren jabe garela, eta ez dago ministrorik, ez beste inor, eskubide hori kenduko digunik, momentuz behintzat". 

Biurrunek gogoan du De Pradak bere susmoak azaldu zituela: "Ez zuen esan noiz edo zein kasutan egin ziren. Ez zuen esan tortura sistematikoa zela eta beti gertatzen zela. Estrasburgok torturak ez ikertzeagatik Espainiako Auzitegien aurka emandako sei epai jarri zituen soilik adibidetzat". Zentzu horretan, Biurrunek uste du "Estatuak ongi egingo lukeela hori ikertzeaz arduratuko balitz". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!