Papergintza bizirik dela aldarrikatuko dute Paper Eskolaren 50. urteurrenean

Mikel Iraola 2016ko api. 19a, 18:40

Tolosako Paper Eskolak 50 urte bete ditu eta hori ospatzeko paperaren inguruko jarduera hainbat antolatu dituzte, guztiak, papergintza ez dagoela hilda azaltzeko. 

Papergintza sektorearen leku kuttunenetako bat izan da aspaldidanik Tolosaldea. Bertan errotu ziren enpresa ugari. Produkzioan ez ezik, paperaren inguruko hezkuntzan ere erreferente izan da, Paper Eskolari esker. 

Digitalizazioarekin, baina, merkatua guztiz itxuraldatu eta enpresa askok ateak itxi behar izan zituzten. Horrek, noski, eragina izan zuen Paper Eskolan, eta etengabeko eboluzioa jasan du ordutik. 

Horrela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskakizunari erantzunez, Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuak hartu zuen Eskola kudeatzeko ardura, duela hiru urte. Ordutik, papergintzaren sektorearen barruan bide berriak bilatzen ibili izan dira, eta horren ondorio dira 2014. urteaz geroztik eskaintzen dituzten bi heziketa zikloak: bata, erdi mailakoa, kimikagintzari lotua; bestea, goi mailakoa, kimika industrialarena. Horretan dihardute hamarna ikaslek. 

Izan ere, Martin Martinez, Don Boscoko idazkariaren arabera, papergintza "bizirik" dago: "Papergintzaren inguruan dugun irudia aldatu behar dugu. Papergintzaren sektorea oso zabala da, kimikan ere egiten da lan. Beste paper mota batzuk ere sortu daitezke, zuzenagoak direnak arterako edo beste arlo batzuetarako. Hori da etorkizuna". 

Hain zuzen, hori aldarrikatzera dator Paper Eskola bere 50. urteurrenean. Eta horretarako paperari lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Aste honetan hasiko dira jarduerekin.

Apirilak 23, larunbata: papera egiten ikasteko tailerra eta erakusketa
Atzo eta gaur eskolako ikasleekin egin ostean, papera eskuz egiten ikasteko tailerra eskainiko du larunbatean eskolako ikasle ohia den Juan Barbek, gerturatu nahi duen ororentzat. 10:00etan emango dio hasiera saioari, eta hiru orduz luzatuko da. Bertan, prozesu guztia ezagutuko dute: landaretik hasita, papera egiteraino. Ekialdean erabiltzen duten sistema tradizionala zein den azalduko du. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, 943 67 29 00 telefonora deituta, edo donbosco@fpdonbosco.com helbidera idatzita. 

Horrez gain, Barbek mundu osoan zehar bildu dituen paper-artisauez osatutako erakusketa izango da Paper Eskolako lehen solairuan. Horiek egiteko erabiltzen diren tresnak eta materialak ere ikusgai izango dira. 

Apirilak 30, larunbata: Lanbide Heziketako Azoka
Egun horretan, Tolosaldeko hainbat intitutu Trianguloan bilduko dira, beren jardunaren berri emateko. Informazioa emateko gunea izango da, eta interesatuei loturak egin ahal izateko baliagarria izango zaie.

Maiatzak 11, asteazkena: Ate irekiak
Ate irekien saioa egingo dute, eskolaren inguruko informazio guztia emateko. Izan ere, LOMCEren eraginez izen-emate eta onarpen prozesuak aldatu egingo dira.

Ekainean: jardunaldiak eta aurkezpenak
Ekitaldirik potoloenak ekainaren lehen hamabostaldian izango dira. Eskola zer izan den eta zer den azaltzeko beharrak bultzaturik, 50 urteko ibilbidea eta bilakaera, nahiz etorkizuneko erronkak jasotzen dituen liburu bat argitaratuko dute. Dokumental bat ere egingo dute. Horrez gain, nanozelulosaren inguruko jardunaldi batzuk antolatzen dabiltza, enpresariak erakartzeko helburuarekin: "Paper klusterretik mugituko dutela hitz eman digute, eta jendea erakartzea espero dugu", dio Martinezek. Guztia borobiltzeko, Paper Eskolarekin harremana izan duten guztien artean lunch moduko bat egingo dute.

Etorkizunera begira

Aurrera begira jarrita, Martinezek azaldu du bide beretik jarraitu nahiko luketela, ikasketa prozesuan eduki berriak eskainiz: "Bere zientzian oso ondo kokatuta dago Eskola. Tolosaldean kimika arloan eskola hau baino ez dago, eta indartu egin behar dugu, aktibitatea eta lana eragiteko. Eskualdearentzat balio erantsi bat da. Horretarako, funtsezkoa da Tolosaldeko jendeak eskola ezagutzea".

Nuria Carbonell zinegotziaren ustez, "mantendu beharreko ondarea" da Paper Eskola, "herritar askoren esfortzuak ahalbidetu zuelako paper industria garrantzitsua sortzen Tolosan". 

Paper Eskola Laguntzeko Elkartearen lehendakaria da Iñaki Irazabalbeitia. Hain zuzen, elkarte honek kudeatzen du Paper Eskolako laborategia. Papergintzako eta kartoigintzako kalitate frogak egiten dituzte bertan, enpresen enkarguz. Eskola bultzatzeko ahalegin horretan, Irazabalbeitiaren ustez "laborategia sustatzea garrantzitsua da, Tolosan paperarekin lotutako jarduera ekonomiko bat sortzeko eta Tolosa paperaren munduan erreferente izaten jarraitzeko". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!