1989. urtean eman ziren Tolosa eta Uztaritze herriak senidetzeko lehen pausoak. Izan ere, bi herriek bazituzten amankomunean hainbat ezaugarri: hiri nagusi historikoak, euskaldunak eta inauteri aberatsen jabeak.
Gauzak honela, eta senidetze horretan sakondu asmoz, datorren apirilaren 28 eta 29an Tolosako kultur etxean elkartuko dira bi herrietako ikasleak, euren bizitokien historia zehatzagoa izan asmoz: «XX. mendeko gerretan, giza eskubideen urraketak sufritu zituzten Uztaritze zein Tolosako gizabanakoei buruzko informazio iturriak taldean analizatuko dituzte ikasleek dinamika ezberdinak baliatuz».
Lan hori kudeatzeaz Aranzadi elkartea arduratuko da eta bertako kide Mikel Errazkinek ikasleekin gaia lantzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «Memoria historikoa autoan atzerako ispilu baten erakoa da, aurrera begira goaz atzekoa begibistatik galdu gabe, eta hori da ikasleekin, gure herrien etorkizuna direnekin, landu nahi duguna».
Amaia Anduezak Uztaritzeko lizeoko euskara irakasleak bere aldetik tailerrak euskaraz izatea azpimarratu zuen, «Uztaritzeko ikasle gehienek ez baitute euskal ingurunea euskaraz jarduteko».