"Historiako Gipuzkoa Encounter onena" izan delakoan daude bilkura honen antolatzaileak. Euskaltel Konektako ordezkari Sabino San Vicentek egin du balorazio hori: "Hamarrekoa izan da hamargarren Gipuzkoa Encounter, eta erabat asebete gaude emaitzarekin".
7,2 kilometro kable eta segundoko 1.100 giga informazio transmititzeko gaitasuna izan ditu X. Gipuzkoa Encounter honek. Segundoko 10 gigako konexioa ahalbidetzen duen azpiegitura hau aprobetxatuz, erabiltzaileek superordenagailu bihurtu dute Usabal kiroldegia; 600 terako disko gogorra, 7.000 GHz eta 2,8 tera RAM izango lukeen makina erraldoia, hain zuzen.
Halaber, jolas eta prestakuntza ekintzetan nahiz lehiaketetan izandako parte-hartze handia eta emaitza bikainak txalotu ditu Sabino San Vicentek.