120 urte Lizardi jaio zela

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 18a, 20:40

1896ko apirilaren 18an Zarautzen jaio zen Xabier Lizardi goitizenez ezagutua zen Jose Maria Agirre Egaña euskal idazlea eta olerkaria.

Bere bizitzako lehen urteak Zarautzen eman bazituen ere, 1906an Tolosara aldatu zen familiarekin. Eskolapioen ikastetxean burutu zituen batxilergo ikasketak. Aita gazte hil zitzaien, eta seme zaharrena izaki, gazterik hasi zen lanean, Tolosako enpresa batean.

Gerora, zuzenbide ikasketak burutu zituen Madrileko Unibertsitatean. 1917an eskuratu zuen titulua. Tolosako Bankuan izan zuen lehen lanpostua, laguntzaile gisa; 1923an Tolosako Perot enpresako gerente izatera pasa zen. Lanbide berriak bidaiatzeko aukera ematen zion. Gogoangarriak dira, zentzu honetan, Parisen idatzitako olerkiak:

Txalarretxo, txolarre,
Paris-erdikoa:
Bourse'ko iskanbilla
(gizon zoro batzarre)
ez ote naikoa
i izutzeko, axolakabe biribilla?

Primo de Riveraren diktadurak Euskal Herriko mugimendu abertzaleak isilarazi zituen, baina 1927tik aurrera, Euskaltzaleak elkartea sortzearekin batera suspertu ziren abertzaleak. Elkarte horren sorreran lagundu zuen Jose Maria Agirrek. Xabier Lizardi ezizenez ezagutarazten zituen bere lanak. Elkarteko lehendakari izan zen 1928-1930 bitartean, eta hain zuzen, garai horretan hasi ziren sortzen Euskal Egunkaria, Kirikiño Saria, Aur Egunak edota Ikastolak. Politika arloan ere ibiltzen zen. EAJren Gipuzko Buru Batzarreko idazkaria izan zen

Antzerkia, kazetarigintza eta olerkigintza jorratzen zituen Lizardik, baina azken honek eman zion ospe gehien, haren obra poetikoa euskal lirika modernoaren gailurtzat baitute kritiko askok. Obra poetiko horren fruiturik hoberenak Biotz-begietan (1932) liburuan bildu zituen.

BIOTZ-BEGIETAN zatzaidate sortu:
biotzenago batzuek; besteak
betsein-betseñotan... Biotz-gabe ta itsu,
nork, izan ere, bil olerti-loreak?...

Izadia, bizia eta heriotza, aberria, euskara eta euskal tradizioaren ingurukoak dira Lizardiren olerkiak. Hizkera trinko eta dotoreak karakterizatzen du. Antzerki lanen artean, berriz, hiru obra ezagutzen dira, Laño ta izarBi aizpak eta Ezkondu ezin zitekeen mutilla.

1933an hil zen Tolosan. Ondoren, Euskaltzaleak elkarteak Umezurtz Olerkiak liburua argitaratu zuen, lehen liburuaz geroztik eginiko olerkiak bilduz. 1927tik 1933ra arteko idatzi zituen ehundik gora artikuluren artean hautapena eginez, Itz-Lauz liburua argitaratu zuen Euskaltzaleak elkarteak 1934ean.

Esteka interesgarriak

Lizardiren obra

Lizardiren biografia (Euskomedia, PDF)

Lizardiren biografia (EHUko Euskara Institutua)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!