Ongi hasi, bukatu ez

M.Iraola 2016ko apirilaren 18a

64-62 galdu du TAKEk Zarautzen aurka, partida txarra jokatu eta gero.

Pasa den astean mailari eustea lortu izanagatik TAKE erlaxatuta egongo zela pentsatzen ari zena, oker zebilen. Ez daude jolasteko, jokatzeko baizik. Eta lehiakortasun hori erakutsi zuten larunbatean Zarautzen, nahiz emaitzak lagundu ez. Neurketa ongi hasi bazen ere, ezin izan zion amaiera berdina eman. 

0-10 batekin hasi zen partida, etxeko taldearen sorpresarako. Asko zuen jokoan Zarauzko taldeak, eta ez zuen nola ahala amore emateko asmorik. Jokoa gogortu, eta atsedenaldirako hiru puntura murriztu zuten tartea: 25-28.

Hirugarren laurdenean, ordea, tolosarrak desagertu egin ziren, eta hori baliatu zuten zarauztarrek markagailuan alde egiteko. Hamar puntuko tartea izatera ere iritsi ziren. TAKEk, bien bitartean, bakarkako jokaldiei esker bizirik irautea lortzen zuen. "Partida txarra jokatuta ere irabazteko aukera izan genuen", dio Yon Gonzalezek. Izan ere, azken jokaldian Lander Lasak hiruko jaurtiketa bat egiteko aukera izan zuen, zorterik gabe. Azkenean, 64-62.

Gonzalezek porrota onartzen duen arren, minduta da: "Galtzea merezi genuen. Baina galtzeko moduak min eman zidan, ez genuelako dagokigun maila eman. Tolosatik, gainera, jende asko joan zen partida ikustera, eta itxura hobea ematea merezi zuten". Gipuzkoa Encounter topaketaren ondorioz normaltasunez ezin entrenatzeak ere izan du eragina. 

Lehia, ordea, ez da amaitu. Ligako oilarretako batek egingo du bisita larunbatean, 17:00etan Usabalen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!