Tolosa erdiko tren geltokian zortzi bananondo moztu izana salatu du Eguzkik

Ataria 2016ko apirilaren 18a

Talde ekologistaren ustez, zuhaitz horiek moztea "ez zen beharrezkoa", eta Renferi azalpenak emateko eskatu dio.

Bananondo horiez gain, Eguzki Talde Ekologistak salatu du orain dela hilabete batzuk "beste hogei" zuhaitz bota zituztela geltokiaren ondoko ezpondoan, eta gaineratu du Renfe lekua "txukundu nahian" baduela beste zereginik, zuhatzik bota gabe: "Itoginez josita dago estalpea, ezeztatze-makinen aurrean putzu handia sortzen da, sabaitik zintzilik daude kableak, edota oraindik ez dute ordezkatu duela 15 urte erre zen eserlekua", dio Eguzkik oharrean. 

Eguzkiren ustez, moztu dituzten bananondo horiek, "udan erabiltzaileei gerizpea ere eskeintzen zieten". Horregatik uste du Renfek azalpen bat eman beharko lukeela. 

Halaber, salatu du Tolosa erdiko geltokia, "irisgarritasun zein arrisku aldetik, seguru asko Renfek Gipuzkoan duen txarrena" dela, eta iritsiko dela gai honen inguruan "hitz egiteko unea". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!