Gaur zabaldu ditu ateak ofizialki Gipuzkoa Encounterrek. Astelehenean hasi ziren boluntarioak prestakuntza lanetan Usabal Kiroldegia atontzen. Horien buru, Sabino San Vicente, duela 10 urte hasitako proiektuari eta ilusioari beste edizio bat gehitzeko gogoz.
Jokin Bildarratz Tolosako alkate zenean hasi zen dena. Tolosan zerbait berezia egin nahi zuen Bildarratzek, eta inork sinistu ez zion proiektu bat aurrera ateratzea lortu zuen. Hiriburuetan egiten diren gauzak Tolosara ekartzea, beraz, bere meritua da. Eta egun oraindik hitzordu hori eskualdean mantentzea, hasierako konpromiso haren ondorioa da. Nola lortu zuen baina Jokin Bildarratzek Gipuzkoa ordezkatzen duen Encounter topaketa Tolosan egitea? Sabino San Vicentek ez daki nola lortu zuen, eta hori Jokin Bildarratz eta Euskaltelen arteko zerbait dela dio. Garai hartako alkateak zerbait ikusi zion hamarkada beteko duen topaketa honi, eta horren aldeko apustu itsua egin zuen. Noiz eta duela 10 urte. Baina zer ikusi zuen Jokin Bildarratzek? Ziurrenik ezer zehatzik ez. Horregatik badu berea puntua.
Tolosan egiten den Gipuzkoa Encounterrerako izen ematea 30 segundotan amaitu zen. 400 ordenagailu eta 600 lagunentzat jarri dute gunea. Ordenagailu batekin bi lagun ibiltzea ez da arrotza horrelako topaketa batean. Igandera bitarte Usabalen egongo dira. Baina zertan? Batzuk jokoetan; besteak ikastean; beste batzuk irakasten; ekonomia ikuspegia landuko duenik ere izango da, eta nola ez, elkar ukitzeko aukera ere edukiko dute, sarearen bitartez ezagutzen direnek.
Bisita azkar batean, eta ikusteko baina ikasteko gogoz doanak, hori guztia segidan barneratzen du. Eta ondorio batetara iristen da: tontoa begira dagoena: 3D inprimagailua lanean hasten denean, begiak zabal-zabalik geratzen dira; marrazki digital baten aurrean garuna bueltaka hasten da; jokoen grafikoen errealitatean bidaiatzen denean, garunak aire egokitua behar duela ulertzen duzu, eta programatzaileen letra berdeen hizkuntzara iristen zarenean, agian zerbait aldatzeko garaia dela pentsatzen duzu. Aholku bat: aldatzen hasita, hasteko eta errazena, aurre iritzia aldatzea.
Baina hitzen eta sentsazioen atzean, ba al dago ukitu daitekeen zerbait?
- Iaz Ameriketako Estatu Batuetan LOL bezala ezaguna den jokoaren egileak, txapelketa bat antolatu zuen. Saria: 10 miloi dolar. Finala estadio batean jokatu zen, eta lepo bete zen. Hau da, 100.000 lagunetik gertu. Baina hori ez da dena, 30 milioi ikuslek baino gehiago jarraitu zuten euren etxeetatik txapelketa horren finala.
- Encounterretik sortutako enpresen zerrenda ez da makala. Bartzelonakoan sortutako baten jabetzaren erdia, Mediasset-ek erosi duela, Usabalen entzuna da. Euskal Encounterretatik, euskara ardatz duen enpresaren bat ere sortua omen da.
- Tolosako topaketa horretan dauden ikastaroak, jarraitzeko modukoak dira. Tartean, gune irekian, robotikaren inguruan haurrek jasoko dutena. Lagin bat besterik ez da.
Baina Jokin Bildarratz ez da mundu horri zerbait ikusi zion bakarra. Ez dakigu aholkularitza lanetan ibilia den edo ez, baina Hego Korean badu antzekoren bat. Izan ere, sareko joko horietan ibiltzeko egokitutako estadio bat eraiki dute. 50.000 ikusle baina gehiagorentzat izango du tokia. Eta mundu horretan gauzak oso azkar mugitzen direnaren adibide argia da. Zine mundua baino errentagarriagoa den negozio batez hitz egiten ari garela ezin da ahaztu. Eta ahaztu ezin dena da, igandera bitarte Usabalen edonorentzat daudela ateak zabalik. Open gunea deiturikoan edozein herritarrek izango du nahi duenerako aukera.
Etxeko internet kablea gehienez ere 400 megakoa izango da. Kable bat da. Besterik gabe. Baina 10.000 megako kablea askoz finagoa dela ikusten duzunean, etorkizuna hasi besterik ez dela egin ikus dezakezu. Duela 10 urte Tolosan ikusi zena, eta gaur ikus daitekeena, abiadura bizian doan aldaketa baten adibidea izan daiteke. Pentsa hemendik 10 urtera ikusiko dena zer izango den.
Oraingoz, zorionak 10 urte hauengatik!