«Jendeak nola moldatzen ote garen galdetzen digu»

Maier Ugartemendia 2016ko api. 17a, 21:00

Familia handia osatzen dute Aizpurua Estensorotarrek. Handia tamainan, handia aniztasunean eta handia maitasunean. Sei kidez osatuta dago familia tolosar hau, hortaz, aspertzeko denbora gutxi izaten dute, baita atsedena hartzeko ere. 

Baina, familia hau ez da horregatik bakarrik familia eredu berrien adibide. Izan ere, lau anai-arreba dira; Xabat 11 urtekoa eta Maren 8 urtekoa biologikoak, Ane 10 urtekoa adoptatua, eta Iurgi txikiena harreran hartua.

Sei kideko familia izatean kaletik «arreta» erakartzen dutela diote. Familia zabaltzen, ordea, pixkanaka joan dira. Jabier Aizpuruak eta Amaia Estensorok 2001 urterako haur sahararrak jasotzen zituzten etxean Oporrak Bakean ekimenaren barruan. Argi zuten familia izateko «ez dituzula zertan seme-alaba biologikoak» izan behar. Adopzioaren aukera ere argi zuten, eta «berdin» zitzaien lehenengo biologikoa edo adoptatua izan haurra. Hain zuzen ere, adopzioaren tramiteak lehen semea izan baino lehen hasi zituzten, baina ordurako tramiterako «epeak» luzatzen hasiak ziren, eta lehen aldiz haurdun geratu ziren. Hasiera batean oztoporik jarri ez arren, aurrera begira «trabak» izan zituzten adopzioan zeren adoptatuak «txikiena» izan behar du, eta gainera, «desberdintasun jakin batekin». Xabatek eta Anek hamaika hilabeteko desberdintasuna besterik ez dute, eta horregatik adopzio prozesuaren amaieran zenbait oztopo izan zituzten, nahiz eta azkenean dena ondo atera zen: «Ez da sartzen buruan, nola eduki dezakezun ume biologiko bat, eta adopzio batera joaten zaren».

Gora behera guzti horien ondorioz, prozesua «ez dela erraza» diote. Une batean, «dena geldituko» zietela pentsatzera ere iritsi baitziren. Hala ere, herrialde bakoitzak bere baldintzak edo arauak jartzen dituztela dio, eta Aneren kasuan, Txinatik etorri zenez, handik esaten omen zieten: «Seme biologikoa oso txikia zenez, agian arreta handiagoa jarriko genuela berarengan». Hala ere, ordutik gauzak aldatu direla diote.

Oztopoen gainetik, esperientzia «oso polita»

Txinara Aizpurua bakarrik joan zen, Xabat «oso txikia» zelako eta ama berarekin hemen geratzea erabaki zuten. Aizpuruarentzat esperientzia «oso polita» izan zen bitartean, Estensorori «gogorra» egin zitzaion hemen informazioaren zain egon behar izate hori.

Bidean topatutako oztopo guztien ondoren, behin etxera iritsita adaptazioa «oso ondo» joan zela diote Aizpurua eta Estensorok. Anai-arreben arteko hilabete gutxi horietako desberdintasunak, gainera, elkarren artean harreman «oso polita» sortu zuela diote; Anek hamar hilabete zituen iritsi zenean. Tolosara iritsi eta pare bat hilabetera «Gaueko izuak» deritzenak izan zituzten, baina psikologoek «prozesuaren barruan» kokatzen den zerbait zela esan zieten: «Egonkortasuna lortu eta gero, haurrari hori galtzeko sartzen zaion beldurraren ondorio dira».

Aneren ondoren, hirugarren alaba izan zuten. Kasu honetan, biologikoa, eta hirugarrenaren jakinduria izan arren, «asko» lagundu dietela diote gurasoek.

Harrera familian

Hiru seme-alaba izan arren, udan haur sahararrak jasotzen jarraitu zuten familia tolosar honetan, eta era berean, Gipuzkoako Foru Aldunditik hemen harreran jasotzeko zenbat haur zeuden entzuten zuten. «Beldurra» sortzen zien haurrek «zer erreakzio» izango zuten, haurra harreran jasotzean bere familia biologikoarengana itzultzeko aukera hor dagoelako; baina, haur sahararrak ere joan eta etorri egiten zirenez, antzekoa izan zitekeela azaldu zieten.

Haurrek aurrera egiteko esan zietenez, adopzioaren antzeko prozesu bat abiatu behar izan zuten, eta adopzioaren kasuan bezala, harreran jasoko zuten haurra, aurrekoa baino txikiagoa izango zela esan zieten. Prozesua espero baino «azkarragoa» izan zen, eta ume koxkortuagoa espero bazuten ere sei hilabeteko haur bat jasotzeko aukera eskaini zieten. Pixkanaka berarekin kontaktua ezartzen hasi ziren egokitzapena egiteko, ordu batzuetan edo egun batean eta berarekin egonez, eta hori «oso gogorra» izan zela diote bai eurentzat eta baita etxeko hiru umeentzat ere.

Familia handia, ardura handiak

Familia handia osatu dutenez, laguntza sarea ere ezinbestekoa dutela diote Aizpurua Estensoro familian, bereziki aitona-amonen laguntza jasotzen dutelarik. Kontziliazioari buruz «asko» hitz egiten den arren, gizartea ez dagoela «prestatuta» diote familia ugarientzako. Familia handitzen doan heinean, gastuak, ardurak edo denbora faltak ere gora egiten dute.

Horrelako familia anitza eta handia izanda, entzun behar izan dituzten iruzkinak «denetarikoak» izan dira, noski. Hala ere, ohikoenak «miresmenari» lotuak izaten direla diote, batez ere tamainagatik. «Nola moldatzen zarete!» izaten da entzuten duten esaldietako bat. Adopzioarenak baino harrerarenak jendeari «harridura gehiago» sortzen diola diote, eta «polita» dela ere esaten diete, baina animatzeko esandakoan ezetz erantzuten diete, euren familia biologikoarengana itzuliko diren beldurrarengatik. Baina, eurak dioten moduan proiektua hori da: «Zuk modu positiboan pentsatu behar duzu. Kasu bakoitza desberdina da, eta niri gustatuko litzaidake familia biologikoarekin bizikidetza bat izatea».

Beharrak eta gomendioak

Bizitzako prozesu eta une ezberdin guztiek bezala, Aizpurua Estensorotarrek bizitako prozesuetan ere izan dira une gogorragoak. Esaterako, Iurgiren harrera egoera «berezia» dela diote. Hasiera batean bere ama biologikoarekin bisitarik ez zuen, eta gero momentu jakin batean bisita horiek izaten hasi beharko zutela jakin zutenean etxeko txikiek, esaterako, une zailak bizi izan zituztela dute gogoan, «krisi bat». Eta hain zuzen ere, une horretan laguntza faltan bota zuten, umeekin egoera kudeatu ahal izateko. Egun ez du bisitarik izaten.

Egunerokotasunean egoera «normaltasunez» bizi dutela diote. Prozesuaren etapa bat haurrari bere jatorriari buruzko zalantzak sortzen zaizkionekoa da. Anerekin bizi izan zuten, eta epe motzean Iurgiri ere zalantza horiek sor dakizkiokeela pentsatzen dute, era naturalean sortzen baitzaizkie galderak eta egin egiten baitituzte.

Gorabehera guztien gainetik, adopzioaren edo harreraren ideia buruan darabilten familia edo pertsonei «pazientzia» izatea gomendatzen diete, prozesuak luzeak izaten direlako. Baina, guztiaren gainetik esperientzia «oso polita» dela diote familiako kide guztiek. Gauzak «argi» izatea gomendatzen dute, eta une «gogorrak» bizi arren, gauza positiboek pisu handiagoa dute eta hortaz, jendea «animatzen» dute aurrera egitera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!