Segundoko 10 gigako abiaduran zabalduko dute Gipuzkoa Encounter

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 14a, 13:00

Gipuzkoa Encounterrek 10. aldiz zabalduko ditu ateak, bihar; Usabalen aurkeztu berri dute.

Denbora azkar pasatzen da eta, areago, teknologia berriez ari garenean. Bada, Gipuzkoa Encounter jaiaren adina ere goruntz doa, eta hamargarrenez ospatuko dute, bihartik aurrera. Zenbakiek sarri har dezaketen esanahi kargari erreparatuz, gainera, konexio abiadura 10 aldiz bizkorragoa izango da egunotan: 10 giga segundoko.

Igandera bitarte, Usabal kiroldegia 600 parte-hartzaileren aterpe bilakatuko da, teknologiaren izenean. Guztira, 400 ordenagailu konektatuko dituzte eta, Sabino San Vicente arduradunaren arabera, «inoizko ikusgarriena» izango da aurtengo informatika party-a: «Konexioa ikaragarria izango da, batetik, eta parte hartzaile kopurua ere bai: duela bi urte 450 pertsona elkartu ziren eta, aurten, 150 gehiago».

Horren harira, Tolosako alkate Olatz Peonek ere teknologiazaleen bilkuran duen harrera ona azpimarratu du, izan ere, 34 segundoan agortu ziren Usabalgo mahaietan txoko bat eduki ahal izateko sarrerak: «Tolosarrek inplikazioa erakusten dute egitasmo honekiko eta, gainera, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko informatika ikasleentzat plaza bikain bilakatzen da Usabal, urte osoan barrena ikasitakoa praktikan jartzeko».

Hala ere, datuei erreparatuz gero, Gipuzkoa Encounterreko parte hartzaile gehienak Tolosatik kanpokoak izaten dira, baita aurten ere. Parte hartzaileen %32 bizkaitarrek osatuko dute eta, bigarren postuan, informatikazale gipuzkoarrak izango dira, %24arekin. Nafarrek eta arabarrek Usabalgo aulkien %17 eta %12 hartuko dituzte, hurrenez hurren. Azkenik, Kantabria (Espainia) eta Lleidako (Herrialde Katalanak) bisitariek %5a osatuko dute, bien artean. Gainontzekoak (%10), Herrialde Katalanetako nahiz Espainiako hainbat txokotatik bertaratuko dira.

Zer berri?

Funtzionatzen duten egitasmoek ez dute aldaketa handiegirik eskatzen, bizirik jarraitzeko. Gipuzkoa Encounter informatika party-a, ordea, urtero errepikatzen baina urtero berritzen den proiektu horietako bat da, eta aurten ere izango da nobedaderik.

Hasteko, lotarako lekua aldatu du antolakuntzak eta, ordenagailuen gune nagusiaren aldamenean jartzen zituzten ohean, Laskorain ikastola inguruan izango dira aurten; karpa erraldoi batean, gehienak, eta eraikineko ganbaran, beste batzuk.

Aurreko urteetan lotarako baliatzen zuten gela, berriz, Opengunea –herritarrentzat zabalik izaten den gunea– handitzeko baliatu dute 10. Gipuzkoa Encounterren, eta horixe izango da berrikuntza nabarmenetako bat. Guztira, 600 metro koadroko espazioa egokituko dute, hitzaldi eta tailerrak eskaintzeko, eta bideojokoetan nahiz bestelakoetan proba egiteko.

Besteak beste, 4.0 industria eta adin txikikoek teknologia berriak modu egokian erabiltzeko jarraibideak eskainiko dituzte hitzaldietan eta, tailerretan, berriz, robotika nahiz adinekoekin smartphonen erabilera landuko dituzte.

Informatikaren aurpegi pedagogikoa garai berriei egokitzen zaie, urteak joan urteak etorri, baina, egiari zor, hitzaldi eta tailerrak ez dira party-ko parte hartzaileak gehien erakartzen dituena. Jokoek sortzen dute jakinmin gehien, parte hartzaileen %71k azaldu duenak, eta alde handiarekin gailentzen da, gainera, afizio hori: bigarren lekuan interneti buruzko gaiak dira, zaleen %44 erakarriz. Aipatzekoa da, hitzaldi eta tailerrak direla, hiru eguneko sarrera eskuratzen dutenen iritziz, erakarmen indar gutxien dutenak: %23k soilik eman du izena hitzaldiengatik.

Hala ere, Openguneko saioetako izen-ematea abiada bizian doa eta, esaterako, robotikari nahiz adinekoen smartphone erabilerari dagozkienak harrera bikaina izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!