Podemosek lehendakarigai izateko eskaintza egin diola onartu du Biurrunek

Ataria 2016ko apirilaren 14a

Garbiñe Biurrun epaile tolosarrak baieztatu du Ahal Dugu-k Jaurlaritzako lehendakarigai izateko proposamena helarazi diola, aztertzen ari dela eta epe laburrean erantzuna emango duela.

Urtarrila amaieran Podemos Euskadik Garbiñe Biurrun Jaurlaritzarako hautagaitzat nahi zuenaren zurrumurrua sortu zen. Biurrunek berak TOLOSALDEKO ATARIAri gezurtatu zion bera lehendakarigaia zenik, eta ez zegoela ezer esan zuen.

Gaur goizean, ordea, Euskadi Irratiko Faktoria saioan Ahal Dugu-ren eskaintzaren berri eman du . Formalki hautagaiak aukeratzeko prozesua abiatu ez duen arren, hautagaitza aztertzeko prest ote litzatekeen galdetuta, baiezkoa erantzun du Biurrunek, eta hain zuzen ere "baloratzen" ari dela. "Bloratzen ari naiz, eta zer edo zer dagoenean esango dut argi eta garbi zein den nire erantzuna". 

"Orain badakit Podemosen nahiko luketela ni hautagai izatea", aitortu du Biurrunek, baina erabakia une honetan berea baino ez dela. Erantzuna laster izango dela dio: "Panorama politikoa dagoen bezala egonda, uste dut laster beharko lukeela". 

Bestalde, Podemos Euskadi alderiko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, oraingoz "Biurruni bakarrik" eskaini diote lehendakarigai izateko proposamena. Onartuko balu, "hauteskunde zerrendak erabakitzeko hauteskundeetara aurkeztu eta gainerako balizko hautagaiekin lehiatu" beharko lukeela gaineratu dute. 

EAEko hauteskundeetan koalizioan aurkeztea ere ez du baztertu Podemos Euskadik, bai Equorekin zein Ezker Anitza-IUrekin. Koalizioa izatekotan, alderdi guzti horien militanteek parte hartu beharko lukete hautagaitza erabakitzeko bozketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!