Sendotasuna lortu duen taldea

Maier Ugartemendia 2016ko api. 14a, 11:46
Irudian, Igarondo Urpekoak taldeko jenerazio ezberdinetako kideak

Hogeita hamabost urte beteko ditu Igarondo Urpekoak taldeak, eta hori ospatzeko larunbatean taldean ibilitakoak eta egun dabiltzanak bilduko dira urte hauetako oroitzapenak errepasatzeko.

Hogeita hamabost urte beteko ditu aurten Igarondo Urpeko taldeak, eta hori ospatzeko taldean ibilitako belaunaldi ezberdinetako kideak bilduko dira larunbat honetan, urte guzti hauetako «pasadizoak» kontatzeko. Patxi Monge taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta berarekin batera bildu ditugu taldeko adin ezberdinetako beste lau kide taldearen ibilbidea errepasatzeko: Maitane Tolosa, Intza Egizabal, Maddi Goenaga eta Markel Arrizibite.

Larunbatean, 40-50 pertsona inguru bilduko dira, 16 urtetatik hasi eta 76 urtera artekoak. Guztiak Igarondo Urpekoak taldean ibilitakoak. Taldea Urpeko Jardueren Federakuntzan sartuta dago, eta bertan kokatuta dauden modalitate ezberdinen artean Tolosan bi lantzen dituzte: hegats igeriketa eta urpekaritza; nahiz eta urpekaritza aisialdi bezala lantzen duten. Hegats igeriketaren barruan, metroen arabera, apnea , eskafandra eta ur-azala. Entrenamendu guztiak Tolosako igeriketan egiten dituzte, nahiz eta uda aldean itsasoan entrenamenduren bat ere egin izan duten itsasoan, «erabat ezberdina» delako.

ALDAKETAK ETA EBOLUZIOA

1981ean hasi zen ofizialki urpeko taldea funtzionatzen 20-25 pertsonarekin, Igarondo Igeriketa Taldeko atal bezala; pare bat urte lehenago hegalekin ibiltzen hasiak baziren ere. 1992 urte ingurura arte ez ziren hasi hegatsak erabiltzen Mongeren esanetan: «Europatik ekarri genituen lehenak, eta Ordiziako eta Murtziako taldeekin batera gu hasi ginen lehenak ekartzen». Adaptazioa egiteko «bost urte» behar izan zituzten: «Hasieran hegalekin ibiltzen zirenek irabazi egiten zuten eta jende asko atzera botatzen zen, baina guk ikusten genuen Europan hegatsarekin askoz azkarrago joaten zirela eta horrekin jarraitzea erabaki genuen. Urte gutxitan denak hasi ziren hegatsarekin».

Ordutik aldaketak nabariak izan dira. Urte guzti horietan «talde sendo» bat osatzea lortu dute: «Espainia mailan onenetakoa». Talde «giroak» ere horretan asko laguntzen duela diote. Gazteenek ere «bigarren familia» bat bezala ikusten dute: «Ondo pasatzen duzu». Aipatu behar da, taldekide guztiak ez direla lehiaketetara aurkezten, kirol pixka bat egiteko ere entrenatzen baitute hainbatek.

Hala ere, aldaketa nabarmenena materialetan izandako eboluzioa izan da. Gaur egun ere materiala Ukrainan erosi behar izaten dute, baina hasieran nazioarteko txapelketetara joaten zirenek «bakarrik» izaten zuten materiala erosteko aukera, errusiarrei erosten zieten. Materialak ere aldatu egin dira, eta lehen «kilo bat» pisatzen zuen hegatsak, egun «sei kilo» pisatzen ditu.

KIROL EZEZAGUNA

Taldearen hasierako garaietan jendeak hegats igeriketa zer zen ere ez zutela ezagutzen diote; gaur egun ere galdera ugari egiten dizkiete. Normalean hegats igeriketa «zer den» galdetzen diete, eta txapelketetan eta ibiltzen direla esaten dietenean «baloratuago» sentitzen badira ere, beste kirolekin alderatuta «ez dela berdina» nabari dute.

Egun 60 pertsonak osatzen dute taldea, 9 urtetatik hasi eta 70 urtera arte; batzuek igeri egin ez arren, materialak prestatzen eta bestelako lanetan laguntzen dute, horrek ere «denbora» eskatzen baitu. Igeriketatik edo eskola kiroletatik egin dute taldeko gazte gehienek salto hegats igeriketara.

Hegats igeriketa hain zabalduta ez dagoen arren, Igarondo Urpekoak taldekoek ez dira geldirik egoten. Bertako igerilariek beste talde batzuekin batera liga batean parte hartzen dute, azarotik hasita hilean behin izaten dute txapelketa bat. Horrez gain, Euskadiko txapelketan, Espainiakoan, Europakoan eta Munduko Txapelketan ere parte hartzen dute; Euskadikotik gora, emaitzengatik txartela lortzen dutenek hartzen dute parte. Munduko Txapelketarako sailkatu berri dira Irati Lakunzak eta Aras Karakus taldekideak.

Taldeko sortzaileetako bat izan zen Roberto Jauregiren oroimenezko txapelketa ere jokatzen dute urtean behin duela hamalau urtetatik. Jende «pila batek» parte hartzen duela diote, eta gaztetxoentzat «oso motibagarria» dela. Markagailu elektronikoa ere izaten dute, eta horrek txapelketak «beste maila bat» hartzea eragiten duela diote.

Edonola ere, urpeko igerilari hauek ez dira baloratuak sentitzen: «Esaterako, Irati Lakuntzak Munduko Kopan urrezko domina bat lortu du eta hori besterik gabe pasako da». Komunikabideetan ere presentzia gutxi dutela salatzen dute.

Aldiz, Frantzian, esaterako, kirola «oso ezaguna» dela diote. Hala ere, errusiarrak dira kirol honetan punta-puntan ibiltzen direnak: «Hobekuntza guztiak handik datoz».

Aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa dute, ahalik eta jende gehien taldera batzen eta badituzten hau eta gazteek aurrera jarraitzea. Denak «gustura» egotea da helburua.

Kirola «ikusgarria» da txapelketa bat ikusteko, baina, horrez gain, jende guztia kirola «probatzera» animatu nahi dute, probatutako «gehienei» gustatu egiten baitzaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!