Richard Oriberen gainditze istorioa, pantaila handira

Mikel Iraola 2016ko api. 13a, 12:07

Bi enpresa tolosarrek ekoiztutako 'Richard Oribe, dominaz bestalde' dokumentala igandean aurkeztuko dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, lau urte lanean igaro eta gero

Erditzean izandako zailtasun batek garun paralisia eragin zion Richard Oriberi. Ibiltzea ezinezkoa izango zuela esan zieten gurasoei, baina egoskorkeriaz eta esfortzu handiaren ostean, bere burua gainditzea lortu zuen donostiarrak, Gipuzkoako kirolaririk garrantzitsuenetako bat izatera iristeraino.

Dozenaka domina garrantzitsu lortu ditu bere bizitza osoan zehar, zein baino zein garrantzitsuagoak. Baina Richarden borrokaren zatirik handiena egunerokoan kokatzen da.

Bada, etengabeko gainditze istorio hori pantailara eraman dute Iñigo Asensio eta Iñigo Eraso tolosarrek. Richard Oribe, dominaz bestalde da igerilariaren erretratu bat egiten duen dokumentalaren izenburua, eta igandean aurkeztuko dute Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan. Leihaketatik kanpo egon arren, ikusmin handia piztu du estreinaldiak, sarrerak agortu baitira.

LAU URTEKO LANA

Londresko Joko Olinpikoen atarian Bat To London telebista saioko grabaketa lanak egiten ari zirela sortu zen dokumentala egiteko ideia, duela lau urte. «Erreportaje labur bat egin genuen Richardekin, eta oso harrera ona izan zuen. Richardek eta bere istorioak indar asko zutela konturatu ginen», dio Iñigo Asensio zuzendariak. 

Mila ideia zituzten buruan. Ez zuten, ordea, nahi adina laguntza jaso. Baina arriskuak arrisku, proiektua bere gain hartzea erabaki zuten bi tolosarrek.

Londresko Joko Paraolinpikoetan izan zuten lehen abiapuntua. Richarden eta bere familiaren emozioak bildu zituzten bertan, «domina bat galdu izanaren etsipenetik, beste bat irabaztearen poztasunera».

Ez zen lan erraza izan bertan grabatzea, ongi gogoan du Asensiok: «Une surrealistak bizi izan genituen. Segurtasun kontrolak pasa aurretik, grabaketarako tresneria Richarden gurasoen azpiko arropan gordetzen ibili ginen. Lehia ahal izan genuen moduan grabatu genuen, zuzenean».

Baina lau urteko prozesu horretan, hasierako ideiak aldaketa asko jasan ditu, eta igerilekuan baino gehiago, igerilekutik kanpoko bizitzan jarri du fokua dokumentalak. «Ikusten da gurasoek emandako laguntza; ikusten da egunero egiten duen sakrifizioa, bere autonomia lortze aldera; ikusten da kirolari profesional baten ibilbidearen amaiera... azken finean kirol ibilbidea eta egunerokoa eskutik helduta joan dira, baina pixkanaka alor pertsonala pisua irabazten joan da», azaldu du Asensiok. Izan ere, zinemagile tolosarraren ustez, «hain da zabala» Richarden bizitza, «ezinezkoa» dela guztia jasotzea. Erasoren ustez, kirol istorio bat baino gehiago «istorio gizatiar» bat kontatu dute.

Richard Oribe, al otro lado de las medallas TRAILER OFICIAL from Iñigo Asensio on Vimeo.

BAIKORTASUNAK BULTZATUTA

«Baikorra, gertukoa, alaia eta indartsua». Horrela definitu dute Oribe Erasok eta Asensiok. «Familiak nahiz Richardek uneroko prestutasun osoa izan dute grabatzeko, eta benetan eskertuta gaude», dio Erasok. Hain zuzen giro positibo horrek bultzatuta lortu dute lau urte luzeren ondoren dokumentala amaitzea: «Baliabide gutxirekin, baina mimo handiz egindako proiektua izan da. Richardek hunkitu egin gaitu eta bere baikortasunak kutsatu gaitu. Horri esker iraun dugu».

Izan ere, espero zutena baino laguntza gutxiago jaso dute instituzioetatik: «Richard, itxuraz, oso pertsona maitatua eta babestua da, baina bere errealitatea bistaratzerako orduan laguntza jasotzea zaila izan da», dio Asensiok.

Baina Richardek merezi du. Horregatik eman dute argitara istorio hau. «Askorentzat eredu da Richard. Berea da meritua, guk hori transmititu baino ez dugu egin nahi izan». Hitzez azaltzea baino, hobe izango da ikustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!