«Inork ez zuen espero Euskadiko Txapelketa irabaziko genuenik»

Asier Imaz 2016ko api. 13a, 10:56

Ciudad Realera joango da hilaren 22ko asteburuan Perurena, Usurbil taldearekin Espainiako Txapelketa jokatzera.

Usurbil KE eskubaloi taldeko jokalaria da Leire Perurena (Tolosa, 1998). 165 zentimetro eta 56 kilo ditu, eta jubenilen taldean hegalean jokatzen du. Euskadiko Txapelketa irabazi ondoren,  Espainiakoa tokatzen da.

Usurbilera nolatan iritsi zara?
Txikitatik eskubaloian ibili naiz. Hasieran eskola mailan eta ondoren, Andoainen. Beti gustatu izan zait eskubaloia, eta entrenatzaileak Andoainera joateko esan zidan. Bertan hiru urtez jokatu nuen. Gero Usurbildik deitu zidaten, eta han beste hiru urtez egon naiz; lurralde mailan eta Euskal Ligan jokatzen.

Hortik etorri da Euskadiko Txapelketa irabazteko aukera.
Poz handia izan da, batez ere denboraldia nahiko gaizki hasi genuelako. Aldaketak egiteko jokalaririk ez genuen, eta kadeteen laguntza behar izan dugu. Inork ez zuen espero Euskadiko Txapelketa irabazten bukatuko genuenik.  


Euskadiko Txapelketa Euskal Ligako lau talderen artean jokatu da.
Aurrean ibili diren lau talderen artean jokatu dugu; gogorra izan da. Liga bera ere horrela izan da. Euskadiko talde guztiak daude, eta lurralde mailatik hor jokatzera urrats bat gehiago dago. Talde hobeagoen aurka jokatu dugu, eta presio gehiago ere nabaritzen genuen. Esperientzia polita izan da, jokatzera kanpora joan baikara; Bilbora, Gasteizera...


Non egon zen txapelketa irabaztearen gakoa?
Aurrez egindako lanean. Aste Santuan gogor entrenatzea erabaki genuen, eta denboraldi osoan egindako lanaz gain, bi aste horietan sartutako orduek bere emaitza eman zuten.  


Esperientzia polita bizitzen ari zara, beraz, Usurbilen.
Etxean talderik ez zegoelako bukatu nuen han. Orain Tolosan infantilen taldea atera dute, eta entrenatzaile bezala nago. Baina nik ez nuen aukera hori izan. Hasiera batean beldur pixka bat banuen, taldez aldatzea ez delako erraza: jende berria, distantzia,... bere denbora eskatzen du. Baina egia esan dena oso ondo joan da.  


Astean zenbat aldiz joaten zara Usurbilera?
Hiru entrenamendu egiten ditugu astean zehar. Trenez Andoainera joaten naiz, eta gero zuzendaritzako guraso bat etortzen da bila. Asteburuetan partidak izaten ditugu, baina kasu horietan, gurasoekin joaten naiz. Asko laguntzen naute, eta toki guztietara joaten dira.  


Zein da zuen jokoaren sekretua?
Talde-jokoa. Inor ez doa bere aldetik. Denak elkarrekin joaten gara. Nire postuan adibidez golak errazago sartzeko aukera dago, baina beraien laguntzarik gabe, ez dago ezer egiterik. Eta zentzu horretan asko laguntzen dute.  


Erasoa ala defentsa?
Nire ustez defentsagatik gara txapeldunak.


Zer ematen dizu eskubaloiak?
Egun gogorra izan baldin bada, edo ikasketak direla... hara joan eta lagunekin elkartzen zara. Txorakeriaren bat egin eta dena ahaztu bezala egiten duzu. Lasaitasun hori ematen dit.  


Orain jubenilekin ari zara jokatzen, baina hurrengo urtean, seniorrekin hasiko zara.
Ez dakit. Hori ikasketen arabera izango da. Donostian geratzen baldin banaiz, printzipioz Usurbilen jarraitu nahiko nuke. Gasteizera joaten baldin banaiz, ordea, bertan talderen bat bilatzen saiatuko nintzateke.


Zuen partida ikustera joaten denak, nolako jokoa ikusten du?
Jarraitzaile asko daude Usurbilen, nahiz eta herri ez hain handia izan. Larunbatetan kiroldegira joateko ohitura dago, eta denak han elkartzen dira. Lurralde mailan jokatzen ari ginenean, diferentzia handiz irabazten genituen partidak, eta agian pixka bat aspertu egingo ziren. Euskal Ligan, ordea, hasieran guk galtzen genituen partidak egurra jasota. Azken aldian ez, partida orekatuak izan dira, eta ikuskizunarekin gozatuko zutela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!