Mertxe Arratibel: «Emakumeok behar handiagoa dugu autoestimua eta konfiantza lantzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 12a, 09:53

Mertxe Arratibel coach-ak eskainiko du ikastaroa, bihartik aurrea.

Lana bilatzeko edo aldatzeko trebetasunak ikastaroa eskainiko du, Tolosako jabetze eskolako egitarauaren eskutik; bihar izango da lehen saioa, eta izen-ematea zabalik da, oraindik, kultur etxean bertan

Entrenamendu pertsonala eskaintzen du, baina kiroldegietatik kanpo. Mertxe Arratibel coach-a da, norbanakoen baliabide propioak azaleratzeko tresnak eskaintzen ditu, ikastaro formatuan. Tolosako jabetze eskolan emakumeei begira ariko da, lana aurkitzeko edo lana aldatzeko trebetasunak landuz. «Benetan esperientzia aberasgarria» dela dio, eta emakumeei dei egin nahi izan die parte hartzera. Bihar izango da lehen saioa, 15:00etatik 17:00etara, eta kultur etxean izena eman daiteke oraindik.

Lana bilatu edo aldatzeko gaitasunak. Gaur egun behar handia al dago horretarako?

Bai. Normalean, norbaitek lana aurkitu nahi duenean, eta horretarako ikastato batera joaten denean, lan-elkarrizketa eta curriculuma izaten dira jorratzen diren gaiak. Hori baino zerbait gehiago behar da, ordea. Izan ere, gizartean lana aurkitzeko egon daitezkeen zailtasunei, norberak bere buruan dituen zailtasunak gehitu behar zaizkio: ziurtasunik eza, beldurra, erabakiak hartzeko joerarik Tolosan egingo dugun ikastaroak, beraz, bigarren ikuspuntu horri begiratuko dio, batez ere, nahiz eta curriculuma eta elkarrizketa ere hizpide izan.

Tolosako jabetze eskolak antolaturiko ikastaroa da. Emakumezkoek behar handiagoa dute aipaturiko zailtasun horiei aurre egiteko?

Gaur egun benetako berdintasunera iritsi garela esaten da, eta emakumeok benetako askatasunez bizi garela. Baina, egiazki, emakumeok, gizarte-egituraren aldetik jasan dugun jazarpenagatik, oraindik ere espazio pribatura bideratzen gaituzte lanerako. Teorian, zaintza eta etxeko lanak gure ardura dira oraindik, kanpoan sekula baino gehiago lan egiten dugun arren. Horrela, baliteke emakumeok oso langileak eta oso borrokalariak izatea, baina, adibidez, gizonezkoek baino autoestima maila baxuagoak izaten ditugu, eta ez gara espazio publikoan gizonezkoak bezain aise mugitzen. Horregatik guztiagatik, emakumeok behar handiagoa dugu, akaso, autoestimua, konfiantza eta erabakitzeko ahalmen hori lantzeko. Mundua gizonen neurrira eginda dagoenez, gure beharrak oso gutxitan hartzen dira kontuan, eta ikastaro gehienekin ere gauza bera gertatzen da. Nire ikastaroan, berriz, emakumeon beharrak bereziki kontuan hartzen dira. Emakumeek soilik parte hartzen dute, eta denok dakigu espazio batean gizonak eta emakumeak daudenean zer gertatzen den: gizonek okupatzen dutela, batez ere. Ikastaroan, beraz, emakumeen ahotsak tarte handiagoa izango du.

Zein tresna eskainiko dituzu ikastaroan?

Coaching-ari dagozkion tresnak izango dira. Diziplina horrek hainbat aukera eskaintzen ditu helburu pertsonal zein profesionalak lantzeko, batez ere, norbanakoek horretarako ezkutuan dituzten baliabide propioak jorratuz. Errekurtso pertsonal horiek aktibatu egin behar dira, norbere buruari jarritako helburuetara iristeko; bide horretan aurki daitezkeen oztopoak deuseztatzea ere garrantzistua da, halaber.

Eta, praktikan, nola egiten da hori?

Modu asko daude, baina, finean, norberak izan ditzakeen barne mugak gainditzeko entrenamendu pertsonala da muina.

Ba al da ikastaroz ikastaro errepikatzen den errealitaterik?

Bai. Normalean, lanik gabe dauden emakumeek edozein lanpostu hartzeko prestutasuna izaten dute, ikastaro guztietan. Prestakuntza akademiko handia duten emakume asko izaten dira, hainbat enpresatan lan egindakoak eta, egoera sozioekonomikoagatik, edozertan aritzeko prestutatsuna dutenak. Izan ere, egungoaren pareko errealitate sozioekonomikoek gehiago zigortzen dituzte, beti, kolektibo ahulenak, nolabait. Emakumeok ahulagotzat jotzen gaituzte, ustez soldata baxuagoekin bizi gaitezkeelako, edo momentu jakin batean etxean itxaron dezakegulako, besteek soldata ekartzen duten bitartean. Ikastaroetan parte hartzen dutenek, ordea, edozertan hasteko prestutasuna izaten dute. Gainera, gehienak 40 urtetik gorakoak izaten dira, gazteagoek ere parte hartzen duten arren.

Zenbait medikuk ere hala diote: emakume askok deskantsu falta dutela. Zure ikastaroetako halakorik sumatzen duzu?

Langabezian daudenek denbora fisiko gehiago izaten dute, etxeko lanez eta zaintzaz arduratzen dira, eta nekea ez da hainbestekoa izaten. Baina, etxetik kanpoko lana eta etxe barrukoa uztartzen duten emakumeengan nabarmena da nekea. Eta ez bakarrik nekea, baita antsietatea eta depresioa ere, zenbait kasutan.

Entrenamendu pertsonal horiek behar bati erantzuteko sortu dira. Nola ikusten duzu gaurko arazo hori, hogei urte barru?

Emakumeen egoera oso-oso motel aldatzen ari da; kontzienteki sekulako aurrerapausoak ematen ari garela iruditzen zaigun arren, inkontzienteak ia ez du aurrera egiten. Hau da, rol, estereotipo eta jokabide jakin batzuk onartzen ditugu zaintza eta etxeko lanak, kasu, eta hori guri dagokigula pentsatzen dugu. Bestalde, gizonek gero eta esku hartze handiagoa dute hor, baina ez egin beharko luketen abiaduran. Horrenbestez, egoerak aurrera oso poliki egiten duela ikusita eta, askotan, aurrera baino gehiago atzera egiten dugula jabetuz, uste dut coaching-a beharrezkoa izango dela aurrera begira ere. Lanketa pertsonal hori beti da onuragarria norbere buruarekin konfiantza sendotzeko, eta etorkizunean ere hala izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!