EMYA sari nagusia, Poloniara

Ataria 2016ko apirilaren 11

TOPIC Museoko arduradunak, EMYA Sari banaketan. Argazkia: TOPIC

Larunbatean banatu zituzten EMYA sariak, Donostiako Basque Culinary Centerren. Poloniako judutarren historia museoak irabazi du sari nagusia.

Sortu berri diren, edota berrikuntza handi bat jasan duten museoei aitortza egiten die European Museum oh the Year Award sariketak. Aurten Tolosan ospatu dute sariketa hori, Topic Museoak antolatuta, eta larunbatean, sari banaketarekin eman zitzaion amaiera hiru eguneko egitarauari. 

Ostegunetik hasita, Topic Zentroan 27 herrialdetako 97 museok izan dute ordezkaritza, eta 216 parte-hartzaile izan dira guztira, sariketaren baitan antolatu diren hitzaldietan.

Orotara 49 museo izan dira 2016ko EMYA saria jasotzeko hautagaiak. EMYA sari nagusia Varsovian kokatuta dagoen Poloniako Judutarren Historia Museoak jaso du. Museoen lan soziala saritzen duen Silletto Saria Kroaziako Vukovar herriko museoak lortu du. 2012an Topic bera izan zen sariduna alor horretan. Museo originalenaren Kenneth Hudson Saria, berriz, Amsterdameko Micropia Museoak irabazi du. 

Horrez gain, sei aipamen ere banatu dituzte: Tegeako Museo Arkeologikoa (Grezia); Bolzanoko Museoa (Italia); Soesteko Museo Militarra (Herbehereak); Londresko Zientzia Museoko Age Gallery-a (Erresmua Batua); Manchesterreko Arte Galeriaren The Whitworth atalak (Erresuma Batua); eta Mont Beuvray-ko Bibracte Museoak (Frantzia). 

Europako Kontseiluak, bestalde, Museo Onenaren sariduna nor izango den ezagutarazi zuen larunbatean bertan. Gdansk-en (Polonia) kokatuta dagoen Europako Elkartasunaren Zentroak jasoko du sari hori, hilaren 19an, Estrasburgon. EMYA Sarien 40. edizioaren kokalekua ere zein izango den argitu dute: Parisen ospatuko dute, Louvre Museoak antolatuta. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!