Prezio onenez blai dira, gaur, Tolosako dendak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko apirilaren 9a

Hirugarren urtez jarraian, eguraldi kaskarrak hartu du Braderie eguna; herritarrek probestu dute, hala ere, eskaintza tentagarrienen bila joateko hitzordua.

Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteko kideentzat, urteko egunik garrantzitsuenetakoa izango da gaurkoa: saldu gabeko stock-a plazara atera, eta prezio tentagarriekin eskaintzen diote herritarrei.

Udaberriaren lehen egunotan, udarako arropaz armaitua berritzeko gogoa izaten da nagusi baina, ia ziur, gaurko erosketa gehienakk euritarako arropari begirakoak izango dira. Goizean hasi eta, iluntzeko zortzirak bitarte, arropa, oinetako, osagarri, etxerako tresneria, botikako produktu eta abarrak eskuratzeko aukera izango da ia ehun dendatan.

Euriari aurre egiteko hamaika trikimailuz baliatu dira merkatariak eta, karpak txikiegi geratu zaizkienek dendari bizilagunekin tratua egin dute, kale osoa karpa bilakatzeko. Beste batzuek, berriz, denda barrura eraman dute Braderie-ko eskaintza, eta kristalaz bestalde ikusgai izan dira prezioak.

Arratsaldean, txiki-parka ere zabalik izango da Zerkausian, neska-mutilen gozamenerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!