Otsailean aurkezturiko egitasmoak forma hartu du eta, batez ere, kolorea. Gasteizko Alde Zaharra eredutzat hartuta, Berazubi estadioa inguratzen duten hormak mural erraldoi bilakatuko dira laster, auzotarrekin eskutik osaturiko ideia zaparrada baten ondoren, eta artistek ia prest dituzte diseinuak.
Gaur bertan aurkeztu dituzte agerraldi bidez, eta Joseba Ormazabal parte-hartze zinegotziarekin batera izan dira Estibaliz Vera proiektuko zuzendaria eta Miren Goikoetxea artista ere. Astelehenean bertan ekingo diote margoen lanari, beste zenbait artistarekin batera, eta maiatzeko lehen asteburuan iritsiko da herritarren txanda.
Agustin Artola Berazubiko auzo elkarteko kideak azaldu duenez, "oso gustuko" izan dute proiektuko arduradunek osaturiko diseinua, ideia zaparradan bildutako ideiak oso kontuan izan baitituzte. Bide beretik, Estibaliz Verak ilusioz deskribatu ditu bizilagunekin izandako bilerak. Eta, ez da gutxiagorako, hitzordu horietatik zehaztu baitituzte Berazubiren gala-soinekoa ehuntzeko ideia gakoak. Mural erraldoiak hiru elementu nagusi izango ditu: papera, argazkiak eta kirola eta, hori guztia nahasteko, koloreak eta herritarren nortasuna izango dira saltsarik egokiena.
Papera izango da bi muralen –frontoi atzekoaren eta ibai aldeko paseoko hormaren– oinarria, collage erraldoiak osatuko baitituzte, estilo abstraktuan, papera margotuz; horixe izango da Paper eskola omentzeko modua. Artista taldeak hainbat collage proposamen jaso ditu bizilagunen aldetik, eta horietatik batzuk baino ezin izango dituzte aukeratu, horma gainean lanean hasterako: "Oso ideia onak jaso ditugu, egia esan, eta oso pozik gaude", dio Miren Goikoetxeak.
Horrela, behin muralaren oinarria amaituta, argazkiek beteko dute hormaren zati handi bat, bizilagunen eskaerei erantzunez. Estibaliz Verak argitu duenez, auzoko argazki historikoek muralean tarte bat izatea nahi zuten bizilagunek, eta irudi errealistak erabiliko dituzte horretarako: ziklokroseko mundiala, Berazubiko egurrezko harmaila zaharra, atezainaren etxea, leihotik estadioko partiduari begira dauden bi emakumeren argazkia, gizonezko disko-jaurtitzailea edo emakumezko xabalina-jaurtitzailea. Aipatzekoa da, gainera, irudi horiei guztiei bat gehiago gehituko diotela, oraindik erabakitzeke duten arren; 50. urteurreneko argazkia edo festetako zaku lasterketa bat islatuko dute.
Behin hautaturiko argazkiak neurri errealetan hormaratzen dituztenean, herritarren sen artistikoa dantzan jartzeko garaia iritsiko da. Izan ere, collage erraldoiaren gainean mugimendu-marra batzuk izango dira, eta horiek mosaikoaren teknika erabiliz beteko dituzte: "Mosaikoa osatzeko ispilu pusketatxoak erabiliko ditugu, zuri koloreko pusketekin tartekatuta, eta horrek argi izugarria emango dio lanari", Goikoetxearen arabera.
Frontoiaren kanpoaldeko hormarekin egin bezala, ibai aldeko horma apaintzeko ere jarraibide berberak erabiliko dituzte, eta kasu horretan 1992. urteko igeriketa proba bateko argazki errealak beteko du horma.
Artea kalean, eta eskuetan
Mosaikoa betetzen parte hartu nahi dutenek maiatzaren 7 eta 8an izango dituzte lehen hitzorduak, 16:00etatik 19:00etara bitarte, eta astebetera ere, ordu berean, parte hartzeko aukera izango da. Estibaliz Verak eta Miren Goikoetxeak dei egin die herritarrei, beren eskulana horman utz dezaten.