«AEB-ak goi mailako ikertzaileekin aritzeko leku ederra dira»

Iosu Iturrioz 2016ko api. 8a, 08:20

Farmazia ikasketen azken urtetik argi zuen Ane Miren Salvadorrek (Tolosa, 1989) ikertzailea izan nahi zuela. Horixe zen haren desira. Eta horretan dihardu. 

Gustatzen zaion horrekiko guztizko dedikazioak orain arteko ateak irekitzeko balio izan dio. Eta ate gehiago irekitzeko esperantza du. Etorkizunean “aukera berriei erabat eskuak zabalduta heltzeko gogo biziz” dagoela esan du, behintzat.

Gutxi batzuk izango zarete Farmazia ikasketak 9,54ko batez bestekoarekin amaitzen dituzuenak, ezta?

Hori uste dut, bai [irribarrez dio]. Ikasketetako bost urteak gogorrak dira. Klase teorikoak jasotzeaz gain, ikasgai gehienetan praktikak egin behar dira. Ikasteko orduak ez dira asko, hortaz. Hala ere, antolamendu on baten bitartez emaitza onak lortzea bideragarria da. Horixe izan da nik neuk horren emaitza onak izatearen giltza.

Emaitza paregabe horiek Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ateak ireki zizkizuten.

Ikasketetako azken urtean guztiz argi nuen ikerketa munduari heldu nahi niola. Hainbat udaratan egindako praktika aldiek aurrez nuen ideia sendotzeko balio izan zidaten. Ikertzaile izan nahi nuen. Bizilekua aldatu eta hiri handi batean murgiltzeko gogoa nuen. Bi ideia horiek kontuan izanda, Madrilgo Unibertsitate Autonomora biomedikuntza molekularreko masterra ikastera joan nintzen. Esperientzia paregabea, zentzu guztietan. Master horren bitartez ikerketan aritzeko hainbat oinarri menperatzea lortu nuen.

Posible da aurrez probatu gabe horren argi izatea ikertzaile izan nahi duzula?

Ez dut uste, egia esan. Nahiz eta azken urtean ikerketa munduan murgiltzeko erabakia hartu, ez nuen une horretan hasi bidea. Ikasketen laugarren urtearen osteko udaran, Stockholm hiriko Karolinska institutu famatuan laborategiko praktikak egin nituen. Han, minbiziaren tratamenduan kimioterapiak sorrarazitako albo-efektuak murrizteko molekula kimikoak bilatzea helburu zuen talde batean lanean aritu nintzen. Esperientzia horrek aurretiaz ikertzaile izan nahi nuelako ideia sendotzeko balio izan zidan.

Bostongo Tufts Medical Centerren zure doktorego tesiaren hirugarren urtea betetzen ari zara. Azkenean bete duzu zure nahia.

Ikertzaile izan nahi nuen, eta horretan dihardut. Bihotz gutxiegitasunean sistema immunologikoak eta hanturak duten egitekoa aztertzen ari naiz. Bihotzaren aldaketa tisularretan T linfozitoek duten garrantzia ikertzen dut, zehazki. Bihotz gutxiegitasuna munduan 25 milioi pertsonak baino gehiagok duten gaixotasuna da. Gaixoen bihotza ez da gai taupada bakoitzean odola gorputz guztian barrena behar bezala zabaltzeko. Egun, bihotzeko taupaden efizientzia hobetzeko botikak eta diuretikoak erabiltzen diren arren, ez dute gaixotasuna sendatzen, sintomak gutxiarazi baizik.

Uste duzu hemendik urte batzuetara posible izango dela gaixoa guztiz sendatzea?

Etorkizunean tratamendu eraginkorragoak sortuko direla uste dut. Nire proiektuaren bitartez, bihotz gutxiegitasunaren alorrera oraindik ere ezagutzeko dagoen ezagutzaren bat gehitzea gustatuko litzaidake. Bihotz gutxiegitasuna izatea bideratzen duten mekanismo biologikoak deskribatzea, besteak beste. Horien bitartez, gaixoa sendatzeko aukera gehiago izango dira.

Tolosatik Bostonera. Aldaketa handia, ezta?

Aldaketa izugarria. Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea. Erronkak ere gogoko ditut, eta hala hartu nuen Bostongo esperientzia. Ez da erraza atzerrian bizi berri bat hastea. Sarritan traba askorekin egiten duzu topo: burokrazia, lana, eguneroko bizitza… Horregatik guztiagatik horretatik asko ikasten da, ordea.

Zeren bila joan zara Ameriketako Estatu Batuetara?

Hasieratik doktoretza egin eta Bostongo ikerketa giro apartean murgiltzea nuen helburu. Herrialde honen txoko zoragarriak ezagutzeko gogoa ere banuen. Bestalde, Estatu Batuetako dibertsitate kulturalak ere betidanik erakarri nau. Jada hiru urte daramatzat, eta beste urte batzuk behintzat gelditzeko asmoa daukat. Etorkizunean, batek daki!

Zeintzuk dira han ikertzearen abantailak?

Biomedikuntza alorrean Ameriketako Estatu Batuetan daude munduko ikertzaile, unibertsitate eta ospitale onenak. Herrialdearen teknologia eta ezagutza paregabeak kontuan izanda, goi mailako ikertzaileekin aritzeko leku ederra da hau.

Desabantailarik badu?

Ez nuke desabantaila denik esango, baina inguruan kalitate goreneko horrenbeste ikertzaile izateak giro oso lehiakorra sortzen du.

Ikertzeari ordu asko eskaintzen dizkiozu. Gainerakoetarako astirik baduzu?

Ikerketa munduan aritzeak lan ordu asko eskatzen ditu, bai. Boston ondoan dagoen Brookline hirian bizi naiz, mutil-lagunarekin. Biok Bostonen egiten dugu lan. Laborategian astegunetan zortzi eta hamar ordu inguru igarotzen ditugu. Batzuetan, astebukaeran ere lan egiten dugu. Hori bai, ahal den neurrian, asteburuak libre izatea gustatzen zait, kirolarekin edo bestelako denbora pasekin erlaxatzeko.

Denbora libre horretan amerikar kulturan murgiltzeko betarik izan duzu?

Ameriketako Estatu Batuetan ia hiru urte igaro ostean, bertako hainbat ohitura jada nire egunerokoan txertatuak ditut. Aldi berean, nire betiko hainbat ohitura ere mantenduz jarraitzen dut. Euskal zein amerikar kulturak uztartzen ditut. Lan filosofia, ospakizunak, elikadura, burokrazia eta beste horrenbeste adibidetan euskal eta amerikar kulturen arteko talka bistakoa da. Ez dute antzekotasun handirik. Horrek nolabaiteko xarma ematen dio nire hemengo esperientziari. Guztia etxean bezala izanez gero, ez litzateke berdina izango.

Bostongo ibilbidearen amaiera urrun ikusten duzu?

Ez dakit. Oraingoz, oso gustura nago. Aukera berriei erabat eskuak zabalduta heltzeko gogo biziz nago. Etorkizunak eskainitako aukerak baikortasunez hartzea beharrezkoa dela uste dut, baita norberaren asmoetatik kanpo daudenak ere.

Eta non ikusten duzu Euskal Herria?

Urrun esango nuke. Urrunegi. Gaur egun ez dut uste itzuliko naizenik. Europan bizitzeko ideia darabilkit buruan, baina oraingoz ez Euskal Herrian. Etorkizunean, ikusiko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!