Abian da museoen aberastasunaz blaitzeko hitzordua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 7a, 12:11
Guztira, 97 museotako 97 ordezkari elkartuko dira, gaurtik igandera bitarte, Topic zentroko mintegian.

European Museum of the Year Award sariketaren aitzakian, Europa osoko 97 museotako 220 ordezkariak hartu ditu Topic zentroko aretoak; harrera egin diete ordezkari politikoek.

Donostian egin zieten lehen harrera, eta Tolosara gaur iritsi dira, goizean goiz. Topic-en beharreko material eta dokumentuak jaso ondoren, aretoko aulki koloredunak bete dituzte Europa osoko museoetako ordezkariek; tartean dira urteko museo onenaren saria jasotzeko 49 izendatuak ere.

Idoia Otegi Topic zentroko lehendakariak ireki du harrera ekitaldia eta, besteak beste, "nazioarteko gerra, gosete, hilketa eta egoera makurrenen aurrean, Topic bezalako museoek haurrei mundu hobe bat irudikatzen eta eraikitzen laguntzen" diela azaldu du.

Bere aldetik, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilariordeak euskara izan du hizpide hitzaldian, eta lurraldeko kultura aberastasuna ere nabarmendu du, museoei dagokienez.

Jarraian Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak hartu du hitza, eta mintegia jakintza partekatzeko gune ezinhobea dela azaldu du. Bide beretik, Gipuzkoako hamarnaka museoak ere gogoan izan ditu, bakoitzaren berezitasun eta nortasuna azpimarratuz. Eta, 2016. urteari begira, ez du Donostiako kultura hiriburutza ahaztu: museoek egitasmoan parte hartze zuzena izango dutela azaldu du, eta Albaolaren adibidea jarri du.

Olatz Peon Tolosako alkateak herriaren ikuspegitik hitz egin die museo arduradun Europarrei. Batetik, Topic zentroan 2009. urtean ateak estreinakoz ireki zituenekoa gogora ekarri nahi izan du, "horrek Tolosari ekarri dizkion onurak" azpimarratuz. Horrela, "bertako kultura eta tradizioak Europako mapan kokatzeko aukera da mintegi hau, leiho bat mundura". Museoen inguruko hausnarketen aberastasunaz gain, beraz, Tolosako eguneroko bizitza gertutik ezagutzera gonbidatu nahi izan ditu parte hartzaileak, merkataritza dentsitatea –Europako altuenetakoa– bereziki nabarmenduz.

Museo arduradunen lana goraipatu, eta haiei guztiei eskerrak emanez hasi da Goranka Horjan EMYAko kidea: "Mintegi hau hiri handi nahiz herri txikietan ospatzen dugu, urtero, eta aurten haurrei begirako museo txiki bat dugu aterpe, ederra da. Zuetako asko urteko museo onenaren saria irabazteko hautagaiak zarete eta, horrenbestez, zuei esker gaur hemen". Ondare horiek kudeatzearen zailtasunak ere gogora ekarri nahi izan ditu, "zenbat babes, konpromiso, baliabide ekonomiko eta lan" behar den zerrendatuz. Azkenik, bere herrialdeko haur jolasen liburu bat oparitu dio Idoia Otegi Topic zentroko lehendakariari.

EMYA mintegiko edukian bete-betean sartu aurretik, berriz, Jose Gameiro EMYA 2016ko epaimahaikideetako batek hartu du hitza: "Gure lana museoen promozioa, historia nahiz sentipenak kudeatzea da, eta museo bakoitzaren nortasuna eta sentsibilitateak egunotan erakutsi nahi dizkizuegu. Museoak baliabide dira zientziarako, hezkuntzarako nahiz kulturarako eta, beraz, oso garrantzitsua da museoen eta haien inguruko komunitatearen arteko harreman sareak sendotzea (...). Izan dadila mintegi maitagarri bat".

Gaurtik hasi eta igandera bitarte, beraz, jakintzak eta bizipenak partekatzeko gerizpe bilakatuko da Euskal Herria plazako eraikineko aretotxoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!