Nork kontrolatzen du nor?

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 7a, 10:23

Joan Baixas artista kataluniarrak Eroen ontzia erakusketa prestatu du Topic zentrorako; poema bisual bat osatu nahi izan du, margolan, objektu nahiz instalazio bidezko metaforen errenkadaz.

Erdi Aroan, hedonista, txotxongilolari, pailazo, aktore nahiz mozkorrak berdin-berdin epaitzen omen zituzten, kondairek diotenez: erbesteratu egiten zituzten, bizimodu makurra zutelakoan. Datu historiko hori hartu, eta Jon Baixas artista bartzelonarrak Eroen ontzia erakusketa ondu du, Topic zentrorako. Urriaren 2ra bitarte ikusgai izango da, eta instalazioak, margolanak, objektuak eta, batez ere, liburuak dira nagusi.

Magoneo deituriko 14 atalek daramate erakusketaren haria, izan ere, artistak egunerokotasunaren metaforak osatu nahi izan ditu, txotxongiloen, harien eta hariak mugitzen dituztenen rolak irudikatuz: «Nork kontrolatzen du nor? Nork mugitzen du nor?».

Galdera horren nahiz beste hainbaten inguruan hausnartu eta erantzun bat osatzeko, Eroen ontzia osteratxo bat emateko gonbidapen tentagarria da bisitariarentzat; osteratxo bat eman, begiratu eta norbere ondorioak atera.

Joan Baixasek bere unibertso artistikoa ederki baliatzen du horretarako, eta erakusketa osoa jolas edo zirikatze bilakatzen da, aipaturiko metaforen bidetik. Ikusle aktiboak nahi ditu artista plastikoak eta, bide horretan, poema bisualtzat ditu erakusketako elementu guztiak.

Aipatzekoa da, Joan Baixasek sorturiko margoak oso-oso gutxitan izaten direla ikusgai, eta Eroen ontzia horretarako parada ere badela; ia 40 urtez armairuan egondako lanei hautsa kendu die.

Egitasmoa fintzen sentituriko grina helarazteko nahiaz biribildu du Baixasek erakusketa eta, beraz, Eroen ontzira gonbidatu ditu herritar guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!