Harreman eta ikasketa sareak, Herbehereetaraino

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko apirilaren 5a

Tolosako Orixe institutuko DBHko ikasleek elkartrukea egin dute, Herbehereetako ikasleekin.

Europako Erasmus Plus egitasmoaren barruan, Herbehereetako ikasleekin elkartrukea egin du aurten ikastetxe tolosarrak eta, iaz, Helsinkiko ikastetxe batekin (Finlandia) metodologia eta lan-dinamikak partekatu zituzten bezala, nederlandarrekin harreman sareak sortzen ari dira aurten.

Tolosako Udalak harrera ofiziala egin zien, atzo, neska-mutilei zein irakasleei eta, Olatz Peon alkatea izan zen ekitaldiaren ardura hartu zuena, pleno aretoan bertan. Ongietorri hitzen ondoren, duela gutxi Tolosaldea Garatzenek argitaraturiko bideoa proiektatu zieten ikasleei, Tolosa eta Tolosaldea irudi bidez erakusteko.

Herbeheretarrak ostiralera bitarte izango dira Euskal Herrian eta, egunotan, Donostia zein Bilbo bisitatuko dituzte.

Eramus Plus egitasmoa «orientazio laboralari» zuzenduta dago Jose Ramon Zalakain Orixe Institutuko zuzendariaren esanetan. Hemendik kanpora ere «zer etorkizun» dagoen eta ikasleen «bizimodua» nolakoa den aztertzen ari dira, eta herrialde ezberdinetan egindako elkarrizketetan esperientzia ezberdinak bildu eta film bat osatuko dute. Atzo, esaterako, Tolosaldea Institutuan elkarrizketak egin zizkieten bertan ikasle izan eta egun lan munduan dauden gazteei, eta EHUn unibertsitateko ikasleen esperientziak bildu zituzten. Guztia, ingelesez. Gerora egitasmoan parte hartzen ari diren hiru herrialdeetan aurkeztuko dute filma. Ikasleak «primeran» pasatzen ari dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!