Elkarteen arteko pilota txapelketa berreskuratuta

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 2a, 18:55
Beotibar pilotalekuan egin dute torneoaren aurkezpena.

Tolosa C.F.k eta Peña Unionek antolatu dute Tolosako Elkarte Arteko Lehen Pilota Torneoa, Tolosako Udalaren babesarekin. Infantil eta kadete mailan izango dira partidak.

Tolosa C.F.ko pilota saileko arduradun Manu Aiertzak azaldu duenez, "adin pixka bat daukagunok gogoratzen gara Peña Union Txapelketaz, Memorial Garciandia izenekoa. Berezitasun bat zuen, elkarte arteko txapelketa zela". Peña Unionekoak txapelketa hori berreskuratzeko asmoz Tolosa C.F.era zuzendu dira. Elkarteetan pilotariak lortzeko zailtasunak direla eta, Tolosa C.F.tik eskainiko dizkie elkarteei euren  pilotariak beraien izenean lehiatzeko. "Gure ideia da pilota sustatu eta indartzea. Gure kirola den pilota aurrera ateratzea. Txapelketa hau beste aurrerapauso bat da".

Tolosako Udaletik Christian Fernandez kirol zinegotziak azaldu duenez, "udalak babes osoa ematen dio txapelketari eta tolosar guztiak animatzen ditugu txapelketa ikustera joatera, oso interesgarria eta polita izango delako". Aurkezpenean ere Tolosa C.F.eko lehendakaria izan da, Iñaki Aiertza, eta txapelketarekin pilotarekiko klubaren konpromisoa erakutsi nahi dela esan du. "Orain bi urte hasi ginen pilota eskolarekin, eta pixkana pausoak ematen ari gara. Hau da ekimen berri bat erakusteko Tolosan gauzak egiteko gogoarekin gaudela", gaineratu du.

Zortzi pilotari maila bakoitzeko

Bi maila egin dituzte, infantilena eta kadeteena, eta lau t'erdian jokatuko dute. Bakoitzean zortzi elkartek babestuko dute pilotari bana. Txapelketa apirilaren 9 eta 10eko asteburuan hasiko da, eta ekainaren 26an izango dira finalak, San Joan jaien barruan.

Infantil mailan jokatuko duten pilotariak eta ordezkatuko dituzten elkarteak ondorengoak izango dira: Aitor Altuna, Aurrera elkartea; Ander Sudupe, Txinparta elkartea; Jon Lopetegi, Casino elkartea; Ander Ezenarro, Aiz-Orratz elkartea; Imanol Morales, Berazubi elkartea; Unai Lasa, Iurre elkartea; Jokin Etxabe, Itun Zulo elkartea; eta Aimar Zeberio, Ero Etxe elkartea. Oier Eraso eta Iker Goikoetxeaundia izango dira ordezkoak.

Kadeteetan ondorengoa da zerrenda: Ibai Olazabal, Gure Txokoa elkartea; Ander Goikoetxea, Gure Kaiola elkartea; Jon Tolosa, Ortzadar elkartea; Eneko Morales, Sukalde elkartea; Julen Garaiburu, San Blas elkartea; Iker Zalakain, Batasuna elkartea; Joxe Luis Argote, San Esteban; eta Mikel Etxeberria, Arsenal elkartea. Ordezkoak Gari Zeberio eta Xabier Auzmendi izango dira.

Manu Aiertzak gaineratu duenez, "herritar guztiak eta bereziki elkarteetako kideak animatu nahi ditugu  pilotaz gozatzera etortzera. Jai moduan antolatu dugu eta horrela bizi nahi dugu. Eskertu nahi diegu ere  elkarteei ematen diguten aukera txapelketa hau aurrera ateratzeko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!