Usabalgo harmaila berriak inauguratu dituzte

Ataria 2016ko apirilaren 2a

Usabal kiroldegiko futbol zelaiaren harmaila berriak inauguratu eta erabili dituzte gaur goizean. Iñaki Aiertza Tolosa C.F.ko lehendakariak azaldu duenez, "Tolosa C.F.ren jarraitzaile bezala esango dut garaia zela horrelako harmailak izateko. Azken hamar urteetan hotza, ura eta haizea jasan ditugu gure neska-mutilak animatzen ari ginela".

Aiertzak gaineratu duenez, "hemendik aurrera, udalari esker, animatzen jarraituko dugu baina goxoago eta babesean". Tolosa C.F.ko lehendakariak egungo udalari eta aurrekoari eskerrak eman dizkie kirolari eta Tolosa C.F.ri emandako laguntzarengatik, eta udal politikan aritzen direnei bide horretatik jarraitzera animatu die.

Inaugurazioan Patxi Amantegi (EAJ) eta Christian Fernandez (PSE-EE) zinegotziak izan dira. Fernandez kirol zinegotziak ireki du harmaila ofizialki, eta Amantegik Peio Aierbe (EH-Bildu) kirol zinegotzi ohia inaugurazioan izatea nabarmendu du. "Udalak kirola babestu du, eta horretarako, besteak beste, azpiegiturekin hornitzen da herria", esan du Amantegik. "Baina kirola babestea ez da hori bakarrik, baita ere kirolariekin mugitzen diren guztiei babesa ematea ere. Eta hori irudikatzeko zer hobeto harmaila baino". Bestalde, harmailetan kiroltasunez jokatzeko eskatu du.

Inaugurazio ekitaldiak aurreskuarekin jarraitu du eta horren ondoren, kadete mailako Euskal Ligako partida ikusteko aukera izan da, Tolosa C.F. eta Antiguokoren artekoa.

Komun publikoaren inaugurazioa

Gaurkoan Usabalen beste zerbitzu bat ere inauguratu da. Harmaila berrien ondoan komun publiko berri bat jarri da martxan. Pertsona guztientzako zerbitzua da, 06:00etatik 24:00etara zabalik dagoena. Kanpoaldean,  gizonezkoek pixa egiteko lekua dute ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!