Tolosa eta eliza, aspalditik datorren kontua

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko api. 3a, 10:27

Tolosako herriak elizarekin istiluak izan ditu aspalditik. Hainbat erabaki ere hartu izan ditu udalak historian zehar eraikinen nagusitasuna erakusteko.

Tolosan ere hainbat bitxikeria daude elizaren immatrikulazioen bueltan. Aipatzekoa da, adibidez, horrenbeste eliza, ermita eta lursailen tartean frontoi baten immatrikulazioa ere badela Tolosaldean; Tolosako Urkizu auzokoarena.

Bertan, ermita, apaiz-etxea eta lursail bat ere immatrikulatu ditu elizak eta aipatzekoa da udalaren ondare zerrendan agertzen direla biak, bai gaur egun, nahiz 1978a baino lehen. 1853an publikatu zuen orduan Tolosako alkate zen Pablo Gorosabelek Bosquejo de las antigüedades, gobierno, administración y otras cosas notables de la villa de Tolosa lana Tolosako Udalaren enkarguz. Bertan aipatzen denez, 1821. urtean Tolosa herria zen San Blas, San Esteban eta Izaskungo, Urkizuko eta Arrameleko ermiten nagusia eta jabea.

Izaskungo ermitaren kasuan esan behar da, nahiz eta Ibarrako lurretan egon, Tolosako Santa Mariako parrokoak ematen duela meza bertan. Hori horrela, 1977 urte amaieran immatrikulatu zuen elizak ermita hori Donostiako gotzaindegiaren izenean. Gorosabelek aipatzen duenez, «urteetan zehar Tolosako herria izan da bere kontserbazioa eta konponketez arduratu dena eta dudarik gabekoa da bere jabetza».

Aldabaren kasuan, jabe moduan Tolosako herria aipatzen badu ere Gorosabelek bere lanean, bertako ermita 1983an immatrikulatu zuen elizak. Bederatzi urte lehenago, 1974an, Jose Iradi Aldabako apaizak eskaera bat egin zion Tolosako Udalari. Horrela, hainbat zor udalari barkatzearen truke, Aldabako frontoia eta goiko eskola elizaren izenean erregistratzea eskatzen zuen Iradik. Udalaren erabakia izan zen Aldabako bi eskolak elizari uztea eta frontoiak publikoa izaten jarraitzea.

Santa Maria parrokiaren kasua ere esanguratsua da. Tolosako eliza nagusia izanik, 1983. urtean immatrikulatu zen. Gorosabelen lanean aipatzen denez, 1501. urtean erre zen Santa Mariaren aurretik zegoen eliza eta horren lekuan berreraiki zen gaur egun zutik dagoena. Tolosako alkate zenak herria parrokiaren nagusi zela jaso zuen eta baita bertako hainbat bitxikeria ere.

Horien artean dago 1610. urtean elizak udalaren aurka sei auzi jarri zituela martxan. Udalak, horrenbesteko auzi zaparrada jasotzean eta bere nagusi eskubideak urratzen zituelakoan, erabaki hau hartu zuen: aldare nagusiaren bi aldeetara herriko armarri bana ipintzea «Tolosako herri noble eta leiala da bere parrokia-eliza honen nagusi bakarra» testuarekin gazteleraz, La noble y leal villa de Tolosa es patrona unica merelega de esta su iglesia parroquial. Gorosabelek kontakizunean dioenez, ipini eta pare bat egunetara tinta beltzez estali zuen testua norbaitek baimenik gabe.

Berriro ere, beste eztabaida bat medio, 1803an Tolosako herria aipatzen da Santa Maria parrokiaren nagusi bakar moduan. Hori horrela zenez, 1805. urtean udalak hartu zituen bere gain gurtzarako beharrezko ziren tresnen kostuak, esaterako, organoarena edota kanpaiena.

Gaur egun ere udala Santa Maria parrokiaren jabe denaren aztarnak ikusgai daude, elizaren fatxadan dagoen San Juanen harrizko estatuaren gainean Tolosako armarria ikus baitaiteke. Orubea behintzat bere izenean erregistratua du eliza katolikoak. Eraikina ere berea dela uste duen ala ez jakitea falta da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!