Tolosa Europako museo onenen plaza bilakatuko da

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 1a, 14:21

Denis Itxaso, Olatz Peon, Idoia Otegi eta Joxean Muñoz, Gipuzkoako Foru Aldundian eginiko aurkezpenean.

European Museum of the Year sariketa eta kongresua hartuko ditu, Topic zentroak, hurrengo asteburuan; Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute aurkezpena.

Europako 97 museotako ordezkariak Tolosan elkartuko dira, datorren apirilaren 7tik 10era bitarte. European Museum of the Year Award (EMYA) sariketa lau garaikur –tartean, urteko museorik onenarena– banatzeko aitzakia izango da, baina egonaldia muse eta kultura politikez hausnartzeko plaza ere bilakatuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan egitasmoaren berri eman dute, eta bertan izan dira Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilariordea, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Idoia Otegi Topic zentroko lehendakaria.
Azken honek nabarmendu duenez, Europako museoen kongresuak urtero biltzen duen jende kopurua bikoiztu egingo dute, eta erronka berria «harrotasunez» hartu dute: «European Museum Forum elkarte sustatzaileak azaldu digunez, ohikoena 100 pertsona inguru elkartzea izaten da, eta oso pozik gaude zenbakia bikoiztera iritsiko garelako, gure bezalako museo txiki bat abiapuntu izanda», azaldu du Idoia Otegik.
Horrela, beraz, guztira 220 kide hartuko ditu egitasmoak, eta 97 museo ordezkatuta izango dira. Europako urteko museo onenaren saria jasotzeko 49 finalista izendatuta daude jada, eta horietako 47 izango dira Topic-ek antolatutako asteburuan.
Asteazkenean, apirilaren 6an, Gipuzkoara bertaratuko dira Europa osoko museoetako ordezkariak, eta harrera ekitaldia hiriburuak egingo die, Donostiako San Telmo museoan. Ostegunean, berriz, EMYA sariketa Tolosara iritsiko da eta, larunbat goizera bitarte, iritzi, eredu, bizipen eta ideien trukea saretuko dute Euskal Herria plazako eraikinean. Azkenik, Europako urteko museoaren sari nagusia nahiz beste errekonozimenduak Basque Culinary Center-en ospatuko duten ekitaldian banatuko dituzte, larunbat iluntzean.
Izan ere, urteko muse onenaren zigiluaz gain, beste hiru sari ere banatuko dituzte. Lehena Europako Kontseiluak banaturikoa izango da, eta irabazlearen izena iragarri dute jada: Gdansk-eko (Polonia) Elkartasunaren museoari emango diote, apirilean. Bide beretik, EMYA kongresuaren baitan, Kenneth Hudson saria –orijinaltasunari– eta Silletto saria –inguruko gizartearekin inplikatzeari– ere banatuko dituzte.
Aipatzekoa da, Topic zentroak 2012. urtean eskuratu zuela Silletto garaikurra eta, txotxongiloen nazioarteko museoarekin batera, beste bi euskal museok baino ez dutela, sariketa horretan, errekonozimendurik jaso: 2011. urtean Bilboko Guggenhemimek eta 2014. urtean Donostiako San Telmok.

Eskualdeko leihoak, mundura

Ordezkari politikoek zorion hitzak baino ez dizkiote eskaini Topic zentroari. Denis Itxasok museoen inguruko hausnarketa egiteko «oso ekimen garrantzitsutzat» jo du EMYA sariketa eta, Gipuzkoa munduko mapan kokatzearekin batera, herrialdeko museoek beren harreman sareak zabaltzeko zita dela azaldu du diputatuak: «39 urte dira sariketarekin hasi zirela, eta ez da, soilik, museo onenak saritzeko gunea. Gaurkotasuna duten gaiak jorratuko dituzte foro horretan, eta aukera paregabea da erronkez, funtzioez nahiz berrikuntzez aritzeko».
Horren harira, dena den, Itxasok autokritika egiteko beharra ere hizpide izan du, Gordailuaren (Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa) kudeaketa dela-eta: «Museoei begirako politikak bultzada bat behar du eta, ordenazio plana ondo dagoen arren, Gordailua ez da nahikoa».
Joxean Muñoz jaurlaritzako kultura sailburuordearen iritziz, Euskal Herriak «Europan naturaltasunez kokaleku bat» duela erakusten dute halakoek: «Eta Europan ez gaude egoteagatik, eragile garelako gaude». Halaber, EMYA saria jasotzeko izendatuen zerrenda aberatsa ere nabarmendu nahi izan zuen, egitura txiki, ertain nahiz handiak kontuan hartzea goraipatuz.
Azkenik, Olatz Peon Tolosako alkateak, EMYA kongresua Tolosan ospatzea kasualitatetik urrun kokatu du: «Topaketa Tolosan ospatu dadin, aurretik lan handia egin dute, ez da kasualitatea, eta benetan garrantzitsua da Tolosa nahiz Tolosaldearentzat».
Bide beretik, Topic zentroa «txotxongiloen mundu espezializatutik abiatuta, euskal museoen artean nazioartera gehien begiratzen dutenetakoa» izatea txalotu du alkateak, eta berau tokiko garapenarekin lotu: «Tolosako eta Tolosaldeko kulturaren eta ondarearen aniztasuna erakusteko aukera izango da guretzat; gako garrantzitsua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!