«Kuadrillan esaldi bat daukagu: 'Jarrera da bide bakarra'»

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 1a, 12:00

Tolosatik Alegiarako bidean, ibilgailua erabiliz gero, ohikoena da N-1 errepidetik joatea. Tarte horretan, gasolindegiaren ondoan Tolosaldea Jatetxea KM. 432 dago, eta bertako jangelaren arduraduna da Mikel Rodriguez Aierbe. 

Bere lana gustatzen zaio eta garbi du jarrera ezinbestekoa dela lanean gustura aritzeko, eta bere lanbidean bezeroa ere gustura egoteko. Gaur Lanean Ondo Pasatzeko Nazioarteko Eguna da.

Gustura aritzen zara lanean?
Nire lana gustatzen zait; esan behar dut ere dirua irabazteko egiten dudala lan, beste guztiak bezala. Nola lana egin behar dudan, eta gainera nire lana gustatzen zaidanez, ondo pasatzen saiatzen naiz. Jendeak ondo pasatzen badu nire lanarekin, nik ere ondo pasatzen dut. Gozamena da ikustea jendeak nola disfrutatzen duen zure lanarekin eta zerbitzuarekin.

Lana egin eta ondo pasatzea posible da, beraz?
Nik uste dut beharrezkoa dela, bestela bizitza tristea izango zen. Egun guztia kexatzen eta kexatzen ezin gara ibili. Badago jendea, edozer gauza izan arren, bizitza guztia kexatzen egongo dena. Besteek, daukatenaz gozatzen dute, eta gusturago daude.

Zer garrantzia du zuretzat umoreak? Jatetxe batean badu lekua umoreak?
Ez da erraza beti umore onez egotea, nik ere umore oso txarra badut, baina umore onarekin askoz errazagoa da dena. Edozein tokitara joaten zarenean, esaterako ogia erostera zoazenean, eta irribarre batekin zerbitzatzen badizute, errazagoa da dena, gusturago erosten duzu.

Eta lanarekiko jarrera hori landu daiteke edo norberak berezkoa izaten du?
Nire ustez landu daiteke. Etapa edo fase ezberdinak egon daitezke pertsona batean. Nik ere bolada txarrak izaten ditut, eta saiatzen naiz burua argitzen didaten gauzak egiten, gero lasaiago egoteko. Ez baduzu lantzen pixka bat, bizitza guztian mingostua egongo zara. Kuadrillan esan ohi dugu: 'Jarrera da bide bakarra'. Gauzak jarrera positiboarekin egiten badituzu... Adibidez, etxea garbitu behar duzunean, kexatzen egon zaitezke, edo musika jartzen duzu, erratza hartu eta dantza egin dezakezu, eta ondo pasatuz etxea garbitzen duzu. Bi kasuetan berdina egiten duzu, etxea garbitu, baina modu batera ondo pasatzen duzu eta bestera umore txarrez zaude.

Bezeroengan jarrera horrek eragina duela ikusten duzu?
Asko, eta nire ustez oso garrantzitsua da. Bazkaltzera joatea jatetxe batera eta zerbitzaria beti haserre egotea... Agian gero sukaldean haserre dago, baina jangelan beste modu batera egotea komeni da. Adibidez, haurrekin jolastea. Azken finean, zerbitzua dibertigarria egitea; nik ez dut bestela irudikatzen horrelako leku bat.

Jatetxea N-1ean dago, eta beraz, modu askotako bezeroak pasako dira. Bezero bakoitzaren arabera ere moldatzen duzu zerbitzua?
Noski. Ezin duzu berdin tratatu egunero etortzen den bezero bat, haserre dagoen bezero bat, familian datozenak edo kuadrillan datozenak. Bakoitzari eman behar zaio behar duena, eta askotan jakin behar duzu bakoitzak behar duena. Agian batzuk nahi dute saltsa, adarra jotzea, eta beste batzuk seriotasuna nahi dute. Beti ezin da asmatu, baina gehienetan jakiten da zeinek zer nahi duen edo zer behar duen. Bakoitza berezia sentitzea eta behar duena ematea, azkenean horretara etortzen da jendea hona.

Zure lanbidean estresa izan ohi da, denbora tarte batean lan asko pilatzen delako. Estresak ez dio laguntzen umore onari. Nola egin aurre horri?
Hori ez da nire alde indartsuena. Jenio txar asko dut, baina haserretzen naizenean ere azkar pasatzen zait. Haserretu behar zarenean ere haserretu behar da, ezin duzu beti pozik egon, baina momentuan haserretzen zara eta gero pozik berriro. Jatetxeetan tentsioa izaten da, baina jendeak jarrera badu edozein helburu lor dezakezu, lan guztia ateratzen da.

Lankideekin gai hauetaz hitz egiten duzu?
Lehen bere garaian prestakuntza gehiago egiten genituen. Urte hauek gogorragoak izan direnez, gehiago pentsatzen duzu lana egitean eta ea garai hobeagoak etortzen diren berriro prestakuntza saioak egiteko. Egiten ditugu, baina lehen gehiago izaten ziren: hizkuntzak, postreak egitea, ardoei buruzko ikastaroak...

Eta jarrera lantzeko prestakuntzak?
Hori egunez egun lantzen da, zaila ikusten dut ordu batzuetako ikastaro bat egitea horri buruz. Egunero landu behar den gauza bat da. Badago jendea berezkoa duena, eta beste batzuk landu egin behar dute.

Lanetik kanpo ere filosofia berdina duzu, etxea garbitzeko adibidearekin azaldu duzunez. Berriro ere jarrera da gakoa.
Nik lanetik kanpo oraindik eta jarrera hobeagoa dut (kar, kar). Gonbidatzaile puntu hori ere badut etxean, beti nago afariak egiten eta. Nire lagun askok ez didate haserre ikusi, bakarrik asko-asko ezagutzen nautenek. Pertsona lasai bat naiz, eta umore ona gustatzen zait. Bestalde, lanean zerbitzu bat ondo ateratzen ez denean, gero zaila da etxera joatea irribarre batekin. Zurea bezala bizitzen duzu, eta zerbait ez bada ondo atera, pixka bat gaizki sentitzen zara.

Lanera joateko ordua iristen denean, zer etortzen zaizu burura?
Jarrera da bide bakarra (kar, kar). Etorri beharra dago, beraz jarrera onarekin etorriko gara. Horixe da gure kuadrillan dugun leloa: jarrera da bide bakarra!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!