Harribitxi bat, urtemuga hauspotzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 31a, 18:08

Irudian, Ander Zubillaga, Isitxo Larrañaga, Nuria Carbonell, Isidro Larrañaga eta Iñigo Asensio, disko aurkezpenean.

Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak Bizipenen hauspoa estudioko lana aurkeztu du, taldearen sorreraren 35. urteurrena biribilduz; ia bi urteko lan gogorraren fruitua da argitaraturikoa.

Oraindik ere bera da maisu, akordeoi jotzaile gazteenen begietan, eta bere belarriak dira edozein entsegu jarraitzeko zorrotzenak. Isidro Larrañagak duela 35 urte hasi zuen akordeoi orkestraren bidea, eta hiru hamarkadaz gaindiko urtemuga biribiltzeko harribitxia aurkeztu berri dute: Bizipenen hauspoa disko eta DVDa.

Ospakizunaren bueltan proiektu sendo bat prestatzeari ekin zion orkestrak, eta 2014 inguruan abiarazitako lanak hartu, jada, esperotako forma. Horrela, errepertorio bera bi testuingurutan gozatzeko aukera izango dute Bizipenen hauspoa argitalpena eskuratzen dutenek: estudioko grabaketa entzun ahal izango da, batetik, diskoan, eta iazko sanjoanetan Euskal Herria plazan eskainitako kontzertua ikusi eta entzuteko aukera izango da, bestetik.

Isidro Larrañaga berarekin batera, aurkezpenean izan dira Isitxo Larrañaga semea –egungo orkestraren zuzendaria–, Iñigo Asensio orkestrako kidea, Ander Zubillaga nahasketa arduraduna eta Nuria Carbonell Tolosako Udaleko kultura zinegotzia.

Orkestrari falta zitzaiona

«Erraz esaten da 35 urte bete ditugula, baina urte asko dira, eta lan handia», azaldu du Isitxo Larrañagak. Atzera begirada horretan, egugno zuzendariak gogora ekarri nahi izan ditu taldearen hastapenak, Euskal Herrian barrena ematen hasitako kontzertuetatik Euskal Telebistara nahiz Espainiako telebistara emandako jauziak, eta nazioarteko lehiaketetan eskuratutako sariak aipatuz: «Lehiaketa oso garrantzitsuak irabazi izan ditugu, eta horri esker egin izan ditugu birak, Europan barrena. Urteotan guztiotan, akordeoi orkestrak entzutea lortu du gure esparruan».

Loria horiek guztiak eskuratuta, ordea, orkestrak bazuen hutsune bat, Isitxo Larrañagaren arabera: «Jende askok esaten zigun disko bat falta zitzaigula, gure lana estudio batean grabatzea, eta urteurrena aitzakia perfektu bilakatu zitzaigun, horretan murgiltzeko».

Proiektua garatzen hasterako, Bizipenen hauspoa egitasmo bikoitza izan da, errepertorio bakarraren bueltan: estudioko grabaketekin hasi eta, bide batez, 2015eko San Joan jaietan eskainitako ikuskizuna prestatzeari ekin zioten. «Argi genuen Tolosako kultur eragileek emanaldi horretan parte hartu behar zutela, eta urteurrena herriarekin ospatu behar genuela, tolosarrei kontzertu berezi-berezi bat eskainiz», azaldu du Iñigo Asensiok.

Horrela, eskerrak eman nahi izan dizkiete Hodeiertz abesbatzari, Udaberri dantza taldeari, Elene Arandiari, Xabier Zeberiori, Ander Zubillagari, Irati Sorondori, Xabi Forasterori, Inar Sastreri nahiz Xabier Zubeldiari, besteak beste.

Bi urtez, labean

Hamarkadatan barrena eskuratutako sari eta errekonozimenduek kontrakoa erakusten duten arren, Isidro Larrañaga orkestra amateurra da. Errealitate horrek eta kideen adin aniztasunak, beraz, errepertorioaren grabaketa ia bi urtera luzatu du: «Azterketa garaian, ezin da grabaketarik egin, eta oporretan ere ez. Taldean asko gara, eta poliki-poliki osatu dugu lana, Ander Zubillagaren laguntzaz; lan izugarria egin du», dio Isitxo Larrañagak.

Bizipenen hauspoa zerbaitek hauspotzen badu, ordea, hori Isidro Larrañagak diskoan egindako kolaborazioa da: «Niretzat handia izan zen sanjoanetako emanaldian parte hartzea, eta oso garrantzitsua grabaketetan aritzea ere. Dena ondo atera da, lan handiaren ondoren, eta oso poztekoa da», azaldu du orkestraren sortzaileak.

Gaztetan bakarlari moduan jotzen zuen tangoa berriro grabatu du Larrañagak, eta taula gainean ere eskaini zuen joan den ekainean. Zalantzarik gabe, 35 urteko sokaren lekukotasun bat uzteko egin zitekeen omenaldi onena osatu du taldeak.

Zifra borobilak ahaztu gabe, baina aurrera begira, orkestra lanean ari da orain, datorren abenduko bira prestatzen eta, bitartean, diskoa 10 euroan salgai da, jada, Tolosako Aroztegieta kaleko Zunbeltz musika dendan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!