Hizkuntza, lanerako helduleku

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 31a, 09:00

Petra Elser eta Idoia Apaolaza.

Banaiz Bagara elkarteak espezializatu egin du Euskara Plus egitasmoa, hiru sektoretako komunikazio beharrak ikastaro bilakatuz; izen-ematea zabalik da, apirilaren 8ra bitarte.

Heldulekuak ezinbesteko dira, edozein jarduera berriren aurrean. Bi gurpildun bizikletan lehenengoz ibili den haurra; oholtzara estreinakoz igoko den dantzaria; patinen gainean sekula aldaparik jaitsi ez duen kirolzalea; itsasoko ur hotzetan pixkana-pixkana sartzen den bainularia. Helduleku fisiko zein psikikoak eskatzen dituzte egoera horiek guztiek, eta baita hizkuntza berri bat lehenengoz kalean erabiltzeak ere. Beldur horri muin-muinetik heldu, eta euskararen amildegiak zelai bilakatzeko lanean dihardu Banaiz Bagara elkarteak, duela sei urtez geroztik. Orain, lan-munduan euskara txertatzeko ahalegin bat gehiago egin, eta Euskara Plus proiektua sektore zehatz batzuetara begira jarriko dute Tolosaldean.

Lehendik ere abiarazitako dinamika da Euskara Plus, inguruko zenbait eskualdetan. Iaz, berriz, gutxieneko euskara maila zuten herritarrekin proba moduko bat martxan jarri zuten Lehiberri zentroarekin elkarlanean, eta bide haren oparotasunaren fruitu da, egitasmo berria, Petra Elser koordinatzaileak azaldu duenez: «Ikastaroak oso ondo atera ziren, jendeak aurrerapauso nabarmenak egin ditu, eta oso gogotsu daude. Horregatik, aurten eskaintza sendotu eta zabaltzeko erabakia hartu dugu».

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, Alegiako Udala, Anoetako Udala, Amasa-Villabonako Udala, Ibarrako Udala, Irurako Udala, Tolosako Udala eta Zizurkilgo Udala izango dira aurtengo Euskara Plusen laguntzaileak eta, horrenbestez, herri horietako bizilagunek doako izen-ematea egin ahal izango dute.

Ikastaroa zuzenki beren herrian eskaintzen ez baldin bada, gainera, garraioaren dietak ere diruz lagunduko dizkiete udalek.

LIBURUETATIK JAUZI

Metodologia da, besteak beste, Euskara Pluseko klaseak beste zenbaitetatik bereizten dituena, liburuetatik egoera errealetara jauzi egiten baitute: «Ezinbesteko teoriaz aritu ondoren, klaseetan egoera errealen simulazioak egiten ditugu, klase praktikoak osatuz», azaldu du Idoia Apaolazak.

Europako proiektu bat izan dute erreferentzia, euskaraz ez dakiten bertako herritarrak nahiz atzerritik iritsitakoak euskarara hurbiltzeko: Language for work delakoa. Migratzaileei bereziki begirako dinamika da, eta gramatika edo hiztegia zehatz-mehatz landu beharrean, hizkuntza berrian lehen kontaktua ahalbidetzeko «bide motzena» eskaintzen diete ikasleei.

Izan ere, ez da gauza bera, tornu baten aurrean lan egitea edo tabernan kafesne eta ardo txuriak zerbitzatzen aritzea: hizkuntza-baliabide desberdinak eskatzen ditu lanpostu bakoitzak.

Horregatik, oinarrizko pausoekin hasi, eta egoera bakoitzari aurre egiteko erremintak eskaintzen dizkiete ikasleei: «Jakin badakigu elkarrizketa bat erabat euskaraz egitea ezinezkoa dela, baina, agurretatik hasi, eta euskara pixkana sartzen joaten gara».

Tresna horiek garatzeko hiru sektore aukeratu ditu Banaiz Bagara elkarteak, aurten: ostalaritza, pertsona helduen zaintza eta industria. «Proiektuak migratzaileen lan-esparruetan du abiapuntua eta, askotan, lan-esparru arautu gabeak izaten dira, pribatuak. Bakoitzak bere berezitasunak ditu baina, oro har, hiru sektore horietan ez da hizkuntz eskakizunik izaten, eta epe laburreko kontratuak ohikoa izaten dira», dio Petra Elserrek.

TRESNA ALA BIDELAGUN?

Lanpostu bat eskuratze bidean gainbalio bat da euskara, ikastaroetan izena ematen duten gehienentzat. Hala baieztatu dute Petra Elserrek eta Idoia Apaolazak. Hizkuntza tresna moduan ikusteaz gain, ordea, badira komunitate baten kontzientzia duten ikasleak ere, eta sentsibilizazio hori indartzen saiatzen dira eskoletan: «Herri euskaldun baten bizi garela esaten diegu, eta gazteleraz gain euskara jakitea ere beharrezkoa dela, lanerako bezala, bizitzeko».

Horrela, urtetan bertan bizi baina euskaldun izatera oraindik iritsi ez direnentzat ere bozgorailu ederra da Euskara Plus, beldurrak uxatze aldera: «Atzerritik etorritakoak bertakoekin nahasten direnean, bertakoak irakasle lanetan jartzen ditut, eta orduan ikusten dute, uste dutena baino askoz ere gehiago dakitela, eta lotsa hori alde batera uztea dela gakoa», dio Apaolazak. Bide horretan, ezinbestekotzat dute euskal hiztunen inplikazioa eta pazientzia ere.

Euskara Plus proiektuko ikastaroetan parte hartzeko izen-emateak zabalik dira jada, zazpi herrietako udaletxeetan, bai apirilerako, bai datozen hilabeteetako ikastaroetarako ere.

20 orduko euskara ikastaroen hariari heldu, eta hari horretan aritzea baino ez zaie geratuko ikasleei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!