Zinegotzi berria, TTIP ituna eta zenbait adostasun, martxoko plenoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 23a, 13:14

Irudian, Artzabaltza poligonoa; atzo onartu zuen, udalbatzak, izen ofiziala.

Hamabi puntuko ohiko osoko bilkura ospatu zuten, atzo, Tolosako pleno aretoan; Christian Fernandez zinegotzi berriak kargua hartu zuen.

Martxoko osoko bilkura datorren astean egokitzen zen arren, Pazko asteko oporraldiak astebete aurreratu zuen, atzo iluntzera, batzarra. Aretoa ohi baino beteago zegoen, Christian Fernandez zinegotzi sozialistaren kargu hartzearen harira, haren senide eta lagunak bertaratu baitziren.

Jose Ignacio Asensiok utzitako lekua beteko du gazte tolosarrak eta, euskaraz eta gazteleraz egindako zin-ematean honakoa nabarmendu zuen: "Gogor lan egingo dut, erabakitasunez, Tolosa eta tolosarren alde".

Osoko bilkurak sarri jarri ohi dira Tolosako mugetatik harago begira, eta atzoko plenoan ere izan zen nazioarteko auziak jorratzeko tarterik. Batetik, errefuxiatuen krisiaren inguruan Europako Batasunak eta Turkiak sinaturiko akordioa aho batez gaitzetsi zuen udalbatzak. Batetik, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko helburuz onartu zuten testua, eta pasa den martxoaren 18an EBk eta Turkiak hitzarturiko akordioa "gizatasunaren oinarrizko printzipioen aurkakoa" dela aldarrikatzeko.

Bide beretik, irmoki salatu dute Espainiako Gobernuak aipaturiko akordioa sinatu izana: "Argi utzi nahi dugu, Tolosako Udalak uko egingo diola akordioari, eta ez duela beteko; errefuxiatuak herrian hartzeko jarrera azalduko du".

Mozioak zehazturikoaz gain, udal ordezkariek ere beren adierazpenak egin nahi izan zituzten aferaren inguruan. PSE-EEko Fernandezek, bere aldetik, "premiazko erantzun humanitarioa" eskatu zien EBri eta estatuei.

Bide beretik, EH Bilduko Inaki Irazabalbeitiak akordioa ezinezkotzat jo zuen, ikuspegi politiko nahiz humanitariotik: "Hain da larria akordioa... Genevako ituna ez du betetzen, eta asilo eskubideari iruzur eta uko egiten zaio. Gu geu ere emigrante herria izan gara eta, gobernuek egiten dutenaz kanpo, herri europarrek elkartasuna erakutsi dute orain ere; akordioa sinatu dutenek ez gaituzte ordezkatzen".

Azkenik, Olatz Peon alkateak Aylan haurraren argazkia ekarri zuen gogora, akordioa gaitzesteko: "Europak 120.000 errefuxiatu hartzeko konpromisoa hartu zuen, eta 15.000 baino ez dira iritsi; Euskal Autonomia Erkidegoa, 3. Eta, hori hala izanik ere, errefuxiatuak Turkiara deportatzeko erabakia hartu dute. EB batasun ekonomikoa soilik baldin bada, ez du zentzurik".

Adostasun gehiago, eztabaidak baino

Europako krisi humanitarioaz gain, beste zenbait auzi ere adostasunerako puntu izan ziren atzoko plenoan. Batetik, Udaltzaingoko bost plaza huts betetzeko deialdia onartu zuten. Idazkariak azaldu zuenez, hutsik dauden plaza guztiak betetzea bideragarria da ekonomikoki, kontu-hartzaileek egindako neurketen arabera. Horrela, aho batez onartu zuen.

Era berean, Giza Baliabideetako administrarien lanpostuetako balorazioak aldatzea ere hizpide izan zen. Bi lanpostu daude gaur egun, eta balorazio desberdinak dituzte biek, beraz, ezaugarri eta irizpide berak zehaztea onartu zuten. Horren harira, EH Bilduko Lore Agirrek udaleko lanpostuen balorazio eta funtzioak "orokortasunetik" aztertzeko eskera egin zuen: "2004-2005ean idatzitakoak dira egungoak, eta zaharkituta daude zenbait. Horregatik, egokia deritzogu funtzioak ondo zehaztu eta berrezartzeari".

Tolosako Udalak eta Amezketako Udalak Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) erosi beharreko zenbait akzioren inguruan ere, alderdi politiko guztiak bat etorri ziren. Zazpiturri S.A. sozietatea sortu zenez geroztik, EEEren asmoa zen, pixkana, sozietatean gero eta pisu gutxiago izatea eta, bide horretan, Tolosako eta Amezketako udalen esku geratu da, orain, sozietatea eta bertako instalakuntza osoa. Horrela, beraz, Olatz Peonekin batera Inaki Irazabalbeitia sozietatean Tolosako ordezkari izateko proposamena onartu egin zuen EAJk, eta Amezketako Udaleko ordezkariarekin batera osatuko dute lehendakaritza. Azaldu zutenez, Tolargiko langileen esku utziko dute zerbitzua, eta bi udalek 99.800 euroren truke erosiko dizkiote akzioak, EEEri.

Hornikuntza auzietatik mantentze auzietara igaroz, Tolosako parke, lorategi, berdegune eta zuhaitzen mantentze-lanak egiteko zerbitzua kontratatu beharraz ere aritu zen udalbatza. 498.000 euroko gastua izango du aurrekontuan, eta lau urterako kontratua sinatuko dute, 6 urtera luzatzeko aukerarekin. Onartu zutenaren arabera, prozedura irekiko dute kontratazioari ekiteko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz.

Azkenik, Artzabaltza poligonoaren izena ofizial egiteko erabakia onartu zuten. Euskara batzordeak hala proposatuta, Artzabaltza Tolosako kale izendegi ofizialera pasatuko da. Izan ere, poligonoak hainbat izen hartu izan ditu herritarren ahotan, eta horietako bat izan da Artzabaltza. 2006. urtean onartu zuen, azkenekoz, Tolosako Udalak, toponimia eta kale izendegia eta, onarturiko zerrenda hartara poligonoaren izena atxikitze aldera, Euskara batzordeak frogatu du kokaleku horretan garai batean Artzabaltza izeneko baserri bat bazela. Horrenbestez, izendapen hori ofiziala izango da, aurrerantzean.

TTIP: zalantzaz beteriko aukera edo neoliberalizaziorantz pauso bat

Ipar Atlantitkoko Merkataritza eta Inbertsioaren hitzarmena aplikatzearen aurka, bi mozio jorratu zituzten, atzo, pleno aretoan. EAJko udal gobernuak aurkezturikoa izan zen bata, eta merkataritza librea baimenduko duen TTIP itunari "beharrezko gardentasuna" eskatu zioten, mozioan: "Denon interesak defendatu behar ditu, kontsumitzaileen pribatutasuna babestuz eta etorkizun jasangarria babestuz".

EH Bilduko oposizioak, ordea, beste mozio bat aurkeztu zuen bilkuran, TTIP itunaren aurka jarrera argiagoa azalduz. Besteak beste, "oinarrizko zerbitzu publikoen defentsan TTIPa ez da onartu behar" beren arabera, "ongizate publikoaren aurkakoa" baita: "Hitzarmena ez da ikuspegi ekonomikora soilik mugatu behar, gizarte eta ingurumenari ondo egiten diona ere aztertu behar da".

Udal gobernuak aurkezturiko testua onartu zuen udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren botoekin, eta bi mozioak "erabat aurkakoak" zirela nabarmendu zuen Ibai Iriarte oposizioko ordezkariak: "Gu TTIParen aurka gaude, merkataritza askeari ateak irekitzen dizkiolako, pertsonen eskubideei ateak itxiz, mugak jarriz. TTIPak bateratzeak sortu nahi ditu, neoliberalismoa areagotuz. Izan ere, Europan urtetan lorturiko ongizatea AEBtan ezartzea ekarri beharrean, alderantzizkoa gertatuko da, eta hemengo eskulana merketu egingo da, edo produktu transgenikoak legezkoak izango dira hemen".

Jokin Azkue jeltzaleak, berriz, horrelako balorazioak TTIP ituna itxi eta onartzeko garaia iristen denean egingo dituztela azaldu zuen: "Isilpeko negoziazioetatik ezin da informaziorik atera, eta elikadura politikan eta kontsumitzaileen eskubideetan galderak ekar ditzake akordioak, hori ondo lotu behar da. Hala ere, Euskal Herriko enpresa ertainek, gaur egun, AEBetan merkatua irekitzeko aukerarik ez duten bezala, TTIP itunaren bitartez posible da hori ahalbidetzea".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!