Oporraldia, bere saltsan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 22a, 08:59

Barraskilo lasterketak erakartzen du bisitari gehien, urtero.

Urteroko ohiturari jarraituz, Aste Santua bertakoen nahiz bisitarien dastamenak dantzan jartzeko garaia izango da, Tolosan, barraskilo saltsaren erritmora.

Hamarkadatako ohitura da, Aste Santua iristearekin batera, barraskiloak jakitzat hartzearena. Batzuek gurasoei entzunda jaso dute horren berri, eta aitona-amonak, gauez, linterna hartuta barraskilo bila nola joaten ziren ere entzun izan dute zenbait herritarrek. Horrela, azken urteotan, aspaldiko usadioa egungo oporraldira egokitu izan dute, Tolosan.

Aurten ere ez da barraskilo saltsarik falta izango Trianguloa plazan eta, urteroko moduan, barraskilo lasterketak erakarriko du begirada gehien, larunbat goizez. Horren aurretik, ordea, larunbateroko azokaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko aukera izango da, bisita gidatuetan, eta baita barraskiloen inguruko ezagutza sakontzekoa ere. Izan ere, aurtengo Aste Santuko nobedade nagusia horixe izango da: barraskiloen inguruko informazio gunea. Segurako Gorbea Karakolak hazitegiko kideak bertaratuko dira, Triangulora, eta dastatzeko nahiz lehiatzeko erabiliko diren barraskiloak hobeto ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Eguerdiko barraskilo dastatzearekin batera, gainera, aipatzekoa da Tolosaldeko taberna eta jatetxeetan barraskiloak txertatuko dituztela, egunotan, beren eskaintza gastronomikoa osatzeko.



ASTE SANTUA TOLOSAN, EGITARAUA

Martxoaren 26a, larunbata

10:00. Azokara bisita gidatua.

11:00-13:00. Trianguloa plazan barraskiloen inguruko informazio gune bat egongo da, Segurako Gorbea Karakolak barraskilo hazitegiaren eskutik.

11:00. Barraskilo lasterketa.

12:00. Barraskilo dastatzea Astelena jatetxeko Peio Doyhartzabalen eta Botarri jatetxeko Txemari Estebanen eskutik, Trianguloan. Anoa eta ardoa bi euroan dastatzekoa aukera izango da.

12:00. Tolosa Kantari kalez kale ibiliko da, Tonto kaletik abiatuta.

Aste Santuan, egunero

Barraskiloak dastagai. Ikatza eta Orbela tabernetan barraskilo anoak dastatzeko aukera izango da egunotan eta, Astelena, Botarri, Patxine (Asteasu) eta Iriarte (Berrobi) jatetxeetan, berriz, barraskiloak txertatuko dituzte beren menuetan.

Turismoa Alde Zaharrean. Tolosalde Tour-en eskutik bisita gidatuak egiteko aukera izango da, egunero, Gorrotxategi museoa eta Alde Zaharra ezagutuz. Erreserbak egiteko 943 69 74 13ra dei daiteke, edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!