Ezpala Gaztetxea

Kultur Etxe barruan jarraitzen dute asanbladako gazteek, itxi duten arren

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 21a, 18:44

18:00etan manifestazioa burutu du Gazte Asanbladak larunbateko gertakariak salatu eta "espazio propio bat" aldarrikatzeko; Kultur etxeko ganbara okupatzeaz gain, Zerkausian antolatutako ekimenekin jarraituko dutela jakinarazi dute, eta baita norbanako eta eragileen firma bilketa bat hasiko dutela ere.

Manifestazioa amaitu bezain pronto sartu dira gazteak Kultur Etxeko ganbarara, eta soluziorik ezean, bertan geratuko direla azaldu dute: «Ez gara bertatik aterako gure arazoa konpontzen den arte. Ez garelako inoren txotxongiloak eta gure espazioaren eskubidea dugulako!».

Udaltzainak eraikinaren atarian izan dira, sartu-irtena kontrolatzen. 21:00etan Kultur Etxea itxi dute, eta barruan geratu dira asanbladako gazteak, argindarrik gabe. Argazki hau zabaldu dute sare sozialetan:

Aurretik, manifestazioa

Oztopoen gainetik, gazteria aurrera! lelopean atera dira kalera arratsaldean Tolosako Gazte Asanbladako kideak, beste hainbat eragileren babesarekin batera. Azken egunetako gertakarien ondoren, «pausoak ematen jarraitzeko» eguna zela aldarrikatu nahi izan dute.

Manifestazioa Trianguloa plazatik abiatu da eta Plaza Zaharrera iristean hainbat ezezagunek arrautzak bota dituzte udaletxera. Amaierara iristean, gazteentzako «espazio propio baten beharra» aldarrikatu dute gazteek beste behin: «Gazteok antolatuz eraikuntzara pasatzeko espazio hutsak berreskuratzea da gure nahia eta konpromisoa eta orain arte herriari irekita egon gara ezer ezkutatu gabe gardentasunez».

Aldiz, euren proiektuari «bizkarra» eman dietenek gazteen aurka «errepresioa eta indarra» erabili izana salatu dute. Eta horren adibidetzat jarri dute larunbatean egin zuten gaztetxe bat eratzeko laugarren saiakera, Topic Zentroaren ondoan dagoen eta udalarena den lokala okupatu baitzuten, baina, segituan Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu ziren, lokala hustu zuten eta sei gazte identifikatu zituen. Lokal hori «enpresa pribatu baten esku» utzi dutela adierazi dute gaurkoan gazteek, «bertarako proiektu bat gara dezan».

Egoera honen aurrean, proiektua «zapuzten» ez jarraitzeko exijitu dute gazte asanbladako kideek, eta udaletxeari euren proiektua garatzen uzteko eskatu diete: «Topic-en ondoan dagoen lokal horretan gure proiektua garatzen uztea eskatzen diogu argi eta garbi».

Halaber, norbanako eta eragile ezberdinengana joaz firma bilketa bat hasiko dutela ere jakinarazi dute, udaletxeak Euskal Herria plazako lokalean TGAren proiektua «ez oztopatzea» eskatuz. Bestalde, Zerkausiko egitarauarekin jarraitzeko asmoa ere berretsi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!