Erdi egina du

M.Iraola 2016ko martxoaren 21a

Asteburu gazi-gozoa izan du TAKEk: bi neurketetatik bakarra irabazi baitu, bietan garrantzitsuena. Dena den, ia guztiz bermatu du datorren urtean ere EBA mailan lehiatzea.

Ezohiko asteburuari egin behar izan dio aurre TAKEk, bi partida jokatu behar izan baititu. Larunbatean Mondragon Unibertsitatea izan zuen parez pare; atzo, duela aste batzuk atzeratutako partida jokatu zuen Venta de Bañosen aurka. Biak ala biak, Usabalen. Ezin, ordea, bietan irabazi.

Larunbateko partidak alde egin zion talde tolosarrari. Atsedenaldira aurretik (35-31) joan arren, hirugarren laurdenaren hasieran arrasatearrak indartsu atera ziren eta segituan hartu zuten aurrea markagailuan. "Partida beraiek nahi zuten eremura eraman zuten, fisikora, eta hor nagusi izan ziren. Irabazi egin gintuzten, ez dugu aitzakiarik", onartu du Gonzalezek. Hiru puntu goitik zen Arrasateko taldea laugarren laurdena hasterako.

Baina zeinen ederrak izaten diren derbiak! Borroka eta gogortasuna amaieraraino. Izan ere, Goar Artetxeren hiruko batek saskiraketa bakarrera jarri zituen tolosarrak azken minutu eta erdian. Ez zuten asmatu ondoren. Lastima. 61-67. Ez zen, ordea, arrangurarako tarterik. Hurrengo egunean beste neurketa garrantzitsua zegoen.

Eta orduan bai, tolosarrak nagusi izan ziren. TAKEk duen onena eman zuen atzo Venta de Bañosen aurka, nahiz eta gauzak ez ziren ongi hasi. 7-16 aurreratu ziren palentziarrak lehen laurdenean. Hurrengo 10 minutuetan mamuak uxatu eta 20-8ko partziala lortu zuten Gonzalezen mutilek, atsedenaldira aurretik joateko. Azken laurdenean erabaki zuen norgehiagoka TAKEk. "Partzial bat behar genuen, eta lortu arte lanean gogor jarraitu dugu" zihoen entrenatzaileak amaieran. 65-52 azkenean.

Eta honenbestez, aparteko okerrik ezean, ia guztiz lortu du maila mantentzea talde tolosarrak. "Pena izan da Mondragon Unibertsitatearen aurka garaipena ez lortzea, horrek guztiz ziurtatuko lukeelako datorren urtean EBAn jarraitzea" dio Gonzalezek.

Dena den, oporretara gustura joateko arrazoi faltarik ez dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!