Tolosan beste gaztetxe bat eratzeko laugarren saiakera egin du, hortaz, Gazte Asanbladak. Uztailean Larramendi auzoan egin zuen lehen saiakera. Abenduan, Izaskungo Aldapa hasieran kokatuta dagoen fabrika zahar batean sartu ziren, eta urtarrilean hirugarren saiakera bat egin zuten Limousin etxean. "Batzuek hilda zegoela uste zuten, baina sugar hori itzalpetik argira atera da berriro ere", azaldu dute gazteek sare sozialetan.
Okupatu berri duten lokalak urteak zeramatzan hutsik, eta gazteen esanetan "egoera tamalgarrian" topatu dute. 2013an ireki zuten azken aldiz lokal hura, Kilometroak jaiaren aitzakian, bertan zabaldu baitzuten taberna. Hori dela eta, "auzolana ardatz, konponketa eta garbiketa lanetan" hasi dira. Jakinarazi dute egunero egongo dela auzolana, eta gauetan lo egiteko lekua jarriko dutela "gaztetxea defendatu nahi dutenentzat".
Segituan Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira eta sei gazte identifikatu dituzte. Segituan hustu dute.
Eraikina, udalarena
Inork irtenbiderik eman ezean, laugarren saiakera hau egitera "behartuta" ikusi direla azaldu dute Asanbladako kideek: "Denbora joan ahala berdin aurkitzen gara. Inork ez digu irtenbiderik eskaini eta arazoa etengabe luzatzeaz ez du konponbidea ekarriko. Udalarenak diren etxe hutsak egon badaude eta baliabideak ez bazaizkigu eskaintzen, guk gure kabuz eskuratuko ditugu. Horretarako eskubide guztia dugu".
Ildo horretatik, gazteek beren "espazioak behar" dituztela aldarrikatu dute: "Ez da kapritxo bat, gizarte batean ezinbesteko ikusten dugu gazteak ahalduntzea eta burujabetza praktikara eraman ahal izateko tresnak eskuratzea".
Aste Santurako egitaraua
Gazteek egunotarako hainbat ekintza antolatu dituzte. Dena den, azpimarratu dute "gaztetxea ez dela soilik kultur kontsumorako leku bat, bertan, batez ere, gazte guztion proiektu eta grinek izango dute kabida".