Gizarteari desberdin begiratzeko, zortzi ikastaro

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 16a, 17:18

Mertxe Fernandez eta Maite Ruiz de Eguilaz, egitaraua aurkezten.

Tolosako Jabetze eskolak prestatu du, jada, apiriletik ekainera bitarteko egitaraua; kultur etxean eman daiteke ikastaro eta saio guztietan parte hartzeko izena.

2009. urtean hasi zen, Tolosan, jabetze kontzeptua garatzen. Ziur aski, oraindik ere jende askoren belarrietara iristeko egongo da hitza, edo hitz horren muinak dakarrena; pixkana-pixkana, ordea, herrian egonkortzen ari den eskola da, jabetzearena. Eta horren erakusle da, beste behin ere, udaleko Berdintasun Sailak prestaturiko egitaraua: zortzi ikastaro antolatu dituzte, apiriletik ekainera bitarte.

Jabetzea «esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatzea» da, eta baita «gorputzaz disfrutatzea ere, munduaz dugun pertzepzioa aldatzeko eta, aldi berean, mundua aldatzeko tresnak eskuratuz», azaldu du Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotziak.

Eta, azken bost urteotan, gero eta gehiago izan dira jabetzearen aldeko apustua egin duten emakume tolosarrak: guztira, 200 pertsona inguruk parte hartu dute ikastaro eta saioetan, eta harrera goruntz doala azaldu dute.

Horrela, datozen hilabeteotarako eskaintzan bi nobedade nagusi daude, Mertxe Fernandez berdintasun teknikariak azaldu duenez: Lana bilatzeko edo aldatzeko trebetasunak izango da bata, eta Adiskidetasuna eta Elkarlaguntza izenekoa, bestea. Horiekin batera, Tolosako jabetze eskolan jada egonkorturiko saioak ere txertatu dituzte egitarauan, eta guztien izen-ematea zabalik da, jada, kultur etxean.

Jarduera bakoitza baino bi egun lehenago itxiko dute matrikula epea.

Tolosako Jabetze Eskola, 2016ko apirila-ekaina

Zoru pelbikoa lantzeko tailerra. Apirilak 4, 11, 18 eta 25. 17:30-19:30. Errotan, Aida Garcia eta Ane Garairen eskutik (ele bitan).

Munduko emakumeen literatura. Apirilak 13, maiatzak 4 eta 25 eta ekainak 15. 18:00-20:00. Udal liburutegian, Mertxe Trancheren eskutik (gazteleraz).

Emozioak, krisiak eta doluak. Apirilak 4, 11, 18 eta 25, maiatzak 2, 9, 16, 23 eta 30, eta ekainak 6. 15:00-17:00. Kultur etxean, Pepa Bojoren eskutik (gazteleraz).

Batukada feminista. Apirilak 5 eta 19, eta maiatzak 3 eta 17. 18:30-20:30. San Estebango auzo elkartean, Arantxa Vicedo eta Ainara Sarasketaren eskutik (ele bitan).

Lana bilatzeko edo aldatzeko trebetasunak. Apirilak 13, 20 eta 17, maiatzak 4, 11, 18 eta 25 eta ekainak 1. 15:00-17:00. Kultur etxean, Mertxe Arratibelen eskutik (gazteleraz).

Adiskidetasuna eta elkarlaguntza. Ekainak 4. 10:30-13:30. Kultur etxean, Mari Luz Estebanen eskutik (euskaraz).

Nik ere baditut ikasketak, nola homologatu?. Apirilak 11. 18:00-20:00. Villabonako udaletxean, Katia Reinberg-en eskutik.

Guretzako. Jatorri kultural desberdineko emakumeentzako espazioa. Hileko hirugarren astelehenean. 17:00-19:00. Kultur Etxean, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailaren eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik (gazteleraz).

** INFORMAZIOA: 943 67 03 83ra edo berdintasuna@tolosa.eus. Izen-ematea jarduera hasi baino bi egun lehenago itxiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!