Kalea bezain gordin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 16a, 09:05

Arte garaikidearen bidez generoaren inguruan egindako hausnarketa eta kritikek apirilaren 23ra bitarte hartuko dute Aranburu jauregia, 'Zama, kalea ahalduntzegune'-n

Parekidetasunera iristeko agenda guztien bide-orrietan letra larriz idatzirik dago ahalduntzea. Norbere dohainen jabe izan eta etengabeko ikaskuntza hori garatzeko, ordea, zenbait gune zama bilaka daitezke.

Zama horietako bat da kalea, eta bost modutara ikusi, ezagutu eta interpreta daiteke, egunotan, Aranburu jauregiko erakusketan. Tolosako Berdintasun Sailak bi urtez behin antolatzen du martxoaren 8aren inguruko erakusketa, eta Zama. Kalea ahalduntzegune izenburua hartu du aurtengoak, bost artistaren obra orain arte argitaragabeak plazaratzeko.

Abel Azcona, Ana Belen Jarrin, Itziar Okariz, Susana Segurola eta Kristoren Gorputzaren eskutik, apirilaren 23ra bitarte ikusgai izango dira transgeneroaz, queer kontzeptuaz, kaleaz, kolektibitateaz eta indarkeriaren aurreko niaz hausnartzeko sorturiko arte-instalazioak.

Bisitarien begietara, obra guzti-guztiak dira deigarri. Arte garaikidea izaki, lan guztiek dute zerbait esperimentutik eta, zenbait, gainera, performance bortitzak dira.

Horietako bat da Abel Azcona iruindarrarena. Drogen mendeko prostituta baten seme izateak bere ibilbidea markatu du eta, amaren bizipenak bere azalean esperimentatze aldera, hilabetez sexu aldaketarako hormonak hartzen aritu da Azcona, transexual gisa prostituzioan aritzeko.

Iruditan bildu du prozesu guztia, Mexikoko lehen itxuraldatzetik hasi, Bogotako (Kolonbia) auzo arriskutsuenetarikoan lanean aritu eta Madrilen prostituta moduan kalera ateratzera bitarte. 30 egunean bere gorputzak jasandako itxuraldatzeaz gain, prozesu osoan barrena erabilitako tresna eta objektuek ere bereziki deitzen dute bisitarien arreta: ileordea, arropa, kondoiak, alkohola, kokaina arrastoak, tabakoa,... Artistaren arabera, bezeroekin egoteko eta erritmo hori jasateko beharrezkoak izan ditu guztiak eta, «kontua da, hori guztia benetan gertatzen dela». Aipatzekoa da, beste performance batekin sorturiko proiekzio bat ere ikusgai dela erakusketan.

Kristoren Gorputza tolosarrek erakusketarako sorturikoa ere prozesu baten ondorio da. Tolosako gune beltzetan aldareak jartzen hasi ziren, jendeari gune horien inguruko sentsazioak pizteko, eta aldare horiek berreraiki dituzte Aranburun. Horrekin batera, burka itxura duten atorrak jarri dituzte zintzilik, Hau ez da burka bat idatzirik dutela. Besteak beste, jendea hausnartzera bultzatu nahi izan dute, eta erakusketa atorra jantzita ikustera gonbidatu, emakumeentzat kalera horrela irteteak zer dakarren beren azalean bizitzeko.

Obra horiekin batera, Susana Segurolak generoaren inguruan egindako hausnarketa ere deigarrienen artean da. Txarrantxa baten korapiloan hainbat objektu txertatu ditu matxismoaren eta feminismoaren mugak irudikatuz eta, halaber, emakume zein gizonek korapilo hori askatzeko asko egin dezaketela adieraziz. Azkenik, Ana Belen Jarrinek eta Itziar Okarizek testuak, argazkiak eta ehundurak darabiltzate erakusketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!