Christian Fernandez PSE-EEko zinegotzigaiak erasoak salatu ditu

Tolosaldeko Ataria 2016ko martxoaren 14a

Larunbat gauean sei gaztek iraindu egin zuten, Gipuzkoako PSE-EEk azaldu duenez; Ertzaintzak ikerketa abiarazi du, jakinarazi dutenez.

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Iñaki Arriolak prentsa ohar bidez plazaratu du bere gaitzespena, "arrazoirik gabeko indarkeria ekintza hori onartezina" dela nabarmenduz.

Jose Ignacio Asensiok utzitako lekua hilabete amaieran hartuko du Christian Fernandezek, Tolosako Udaleko zinegotzi izateko. Horrela, larunbatetik iganderako gauean kokatu dute gertakaria, Hernanitik Tolosarako tren batean. "Bat-batean sei gazte jazarri zitzaizkion, eta 'puto sociata, sociata de mierda' eta bestelako irainak zuzendu zizkioten", salatu dute. Behin trenetik jaitsita, egoera berbera errepikatu eta Fernandez berriro iraindu zutela azaldu du PSE-EEk. Horrela, Fernandezek salaketa jarri zuen Tolosako Ertzain etxean; ikerketa abiarazi dutela azaldu du PSE-EEk.

Iñaki Arriola idazkari nagusiak, bere aldetik, "guztiz gaitzetsi" ditu gertakariak: "Gizarteko zenbait pertsonak iraganean jarraitzen dute, eta erasoak eta irainak erabiltzen dituzte, indarkeriaren bideetatik aurkari politikoa beldurtzeko". Horrela, beren alderdiko militante guztiek "elkarbizitzaren eta bakearen alde lanean" jarraituko dutela nabarmenduz, euskal gizarteari ere dei egin nahi izan dio, bide horretan jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!