Sortu berria den Tolosako Emakume Taldea, beste hainbat eragilerekin elkarlanean izan da Martxoaren 8aren inguruan lanketa berezi bat egiteko. Duela hilabete hasi ziren prestaketa lanetan, eta gaur bazkari batekin biribildu dute egitarau hori: "Lana egin dugu, baina festa ere bai. Aldarrikatzeko eguna da, baita festarako ere. Lanean ibili garenok elkar hobeto ezagutzeko ere balio izan du" aipatu dute antolatzaileek.
Herritarren erantzuna, eskasa
Martxoaren 8an, asteartean, ekin zieten Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldiei. Txokolatada egin zuten Trianguloan, mosaikoa eta mural bat egiten zituzten bitartean. Ostegunean balizko estatu feministaren inguruko mahai-inguru bat antolatu zuten. Hurrengo egunean, berriz, Yurre Ugarten 80. hamarkadako punkaz eta emakumeez hitzaldia eskaini zuen.
Ekitaldi horien balantzea egiten jarrita, herritarren erantzuna "nahikoa ez" dela izan azpimarratu du emakume taldeak: "Hitzaldietan jendea hurbildu zen, baina martxoaren 8a bezalako egun garrantzitsu batean izan zen parte hartzea ez zen nahikoa izan gure ustez".
Hain zuzen, etorkizuneko ekitaldietan parte hartzea handitzeko helburua jarri dute dagoeneko emakumeek. Gaur, esaterako, trikipoteoa egin dute bazkariaren aurretik eta ondoren, eta horrek helburu hori lortzen lagunduko diela diote: "Emakume taldea duela gutxi sortu da, eta garrantzitsua da herrira ateratzea, mobilizatzea, jendeak ikus dezan badela neska talde bat arrazoi batengatik borrokan eta erantzun bat ematen".
Halaber, emakume gehiagori bertaratzeko dei egin diete: "Parte hartzea bultzatu nahi dugu. Parte hartu nahi ez dutenek ere jakin behar dute, mobilizazioak egin behar diren egunetan, parte hartzeko aukera duela".