Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

Musikaz eta dantzaz omendu dute Miren Urkola tolosarra

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 12a, 12:31

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Tolosako Udalak antolatutako ekimenen artean, atzo Aranburu Jauregian Miren Urkola omendu zuten kantu eta dantzen artean; jende ugari gerturatu zen omenaldira, lepo bete zelarik aretoa

Miren Urkola gogoan. Tolosaldeko emakumeak dantzan eta kantuan. izenburua jarri zioten eta hain zuzen ere, kantu eta dantzen artean gogoratu zuten Miren Urkola atzokoan. Pasa den legegintzaldian berdintasun eta gizarte politika zinegotzia izan zen Urkola, gaixotasun larri baten ondorioz kargua utzi zuen arte. Eta egun berdintasun zinegotzia den Maite Ruiz de Eguilaz eta Olatz Peon Tolosako alkatea ere omenaldian izan ziren, eta amaieran ekitaldia Urkolak gustukoa izango zuen moduko omenaldia izan zela adierazi zuen Peonek.

Jone Amonarriz kazetaria aritu zen aurkezle lanak egiten, eta ekitaldian parte hartu zuten artista ezberdinei pasoa ematen. Tartean izan ziren Alurr dantza taldeko dantzariak, ekitaldiaren hasiera eta amaiera borobiltzen. Baina, baita Maitane Iruin eta Xabi Zubeldia ere kantu sentikorrak publikoari helarazten. Ondoren, Keiran taldeko Marta Olea eta Nora Salvadorrek ere ukitu zituzten bertaratu zirenen bihotzak, eta zuzenean Tolosan ez bazen ere, beren taldekide den Aitor Iraolak ere presente egon nahi izan zuen, doinuak jarriz. Azkenik, Humus taldeko Nataliak ere bere musikaren bitartez aldarrikapenak plazaratu zituen.

Ekitaldiaren amaieran, Olatz Peon eta Maite Ruiz de Eguilazek Miren Urkola gogoan izan zuten, eta bertan ziren bere senideei lore sorta bat eta oroigarri bat ere eskaini nahi izan zizkieten, bertan zeudenen txalo artean. Hunkiturik bizi izan zuten momentua bere senideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!