Nola dago antolatuta Tolosako Udal Liburutegia?
Hiru gunetan dago banatuta: Aranburu Jauregian helduena (30.000 liburu inguru), Errotan haurrena (17.000 liburu inguru) eta udan Usabalgo igerilekuan ere zabaltzen dugu. Gero hedapenak ditugu auzoetan, anbulatorioan eta Uzturre zentroan. Auzoetatik oraingoz Aldaban bakarrik daukagu. Urkizura eta Bedaiora ere zabaldu nahi genuke. Katalogoa erabiltzen erakusten diegu eta liburua baserrira eramaten diegu. Ordenagailua eta etxeko lanak egiteko edo filmak ikusteko gela bat dute liburuekin. Anbulatorioan pediatria sailean bi gurditxo ditugu eta Uzturre zentroan txoko bat liburuekin. Guztira, hedapen hauetan 1.122 liburu eta aldizkari ditugu, igerilekua ere kontatuta.
Zenbat liburu erosten dituzue urtero?
2014an gaztelerazko 1.308 liburu, euskarazko 836 eta beste hizkuntzetako 79 liburu sartu genituen katalogoan. Beste batzuk ere erosi ziren, baina katalogoan sartu gabe daude oraindik. Hilero berrikuntzak erosten saiatzen gara eta euskarazkoak eta gaztelerazkoak orekatzen. Euskaraz argitaratzen den ia guztia erosten dugu. Liburuen bilduman denetik daukagu: ezagutza, literatura, atzerriko hizkuntzetan liburuak, batez ere haurrenean, hizkuntzak ikasteko materiala, audio-liburuak… Filma asko ditugu, CD-ak ez hainbeste, erabilpena asko jaitsi delako. Eskaeraren arabera saiatzen gara hornitzen.
Eta liburu zaharrekin zer egiten duzue?
Haur Liburutegian xahuketa bat egin genuen eta orain helduenean ere egin dugu eta nahikoa ondo daude orain. Ez ditugu liburuak botatzen. Lege gordailua hemengoa badute Gasteizko Liburutegi Nazionalera bidaltzen ditugu, ez badute. Bestela Samaniego ikastetxearen merkatu txikian saldu eta dirua Hego Ameriketara bidaltzen dute Mando liburuzain izeneko proiektura. Beste liburutegietara ere bidaltzen ditugu: Untzi Museoa, fakultateak… Eta Topic-etik ere eskatu dizkigute eskultore katalan batek liburuekin eskultura bat egin nahi duelako. Ez dugu ezer botatzen.
Liburutegien sarea asko erabiltzen al da?
Liburutegien arteko mailegua hobekien funtzionatzen duen zerbitzua da. Gero eta liburutegi gehiago ari dira hor sartzen. Lehen ia harremanik ez genuen gure artean eta orain gehiago.
Eta irakurketa dinamizatzeko zer egiten duzue?
Baliabide asko ez ditugu, gauden langileekin eta dagoen diru gutxirekin saiatzen gara haurrentzako ipuin kontaketak egiten, interesguneak jartzen ditugu, Berdintasun Saileko irakurle taldean laguntzen dugu, Galtzaundiren irakurle taldean ere lagundu izan dugu, Gazteria sailarekin komiki tailerra… Irakurle talde elebiduna sortu nahi genuke, irakurtzen hasten direnentzat. Liburuak apaletatik bakarrik ez dira mugitzen, dinamizatu egin behar da, baina horretarako diru gehiago behar da.