Belarriak aldamenekoei, hitzak historiari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 10a, 12:23

Irudian, biktimak eta ordezkari politikoan, testigantzen bideoetako bat ikusten.

Memoriaren plaza erakusketa ibiltaria zabalik da Tolosan, martxoaren 15era bitarte; biktimekin batera, udal eta foru ordezkariak ere izan ziren, atzoko irekiera ofizialean.

1936ko gerratik hasi eta duela urte gutxira bitarteko bizipen gordinek gorpuzten dute, Trianguloan altxaturiko karpa erraldoia. Gorpuztu eta mamitu, testigantza horiek guztiak baitira, iraganeko begiradari eutsi, hausnarketarako gida bilakatu, eta etorkizunerako bidea marrazteko argi. Memoriaren plaza erakusketak gertatutako guztia jaso nahi du, ikuspuntu, pertsona, ahots eta ertz guztietatik etorrita ere, bilduta gera dadin. Horrela, tolosarrek hilaren 15era bitarte aukera izango dute, aldamenekoen testigantzei belarria jarri, eta Euskal Herriaren historiari beren hitzak uzteko, memoria anitzago eginez.

Astebeteko egitasmoaren irekiera ofiziala atzo iluntzean izan zen eta, Gogora institutuko Aintzane Ezenarroren gidaritzapean, bertan izan ziren Tolosaldeko hainbat biktima, Olatz Peon Tolosako alkatea eta udalbatzako alderdi guztietako ordezkariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Aranzadiko kideak, besteak beste.

Proiektuaren funtsa eta egitaraua azaldu ondoren, karpan barrena gidatu zituen, Ezenarrok, gonbidatuak, terrorismoaren hainbat biktimaren testigantzak biltzen zituen bideoa ikusiz. Horrekin batera, beste bi gune ere badira: legez kanpoko biktima polizialena, bata, eta gerra garaiko biktimen inguruan Aranzadik egindako lanena, bestea.

Bisitaria, ordea, ez da bisitari pasiboa Memoriaren plazan, eta beren azalean sufrimendu hori sentitu ez dutenek ere, inoiz ikusi eta ezagutu duten hori kontatzeko bozgorailuak izango ditu karpan. Batetik, fotomatoi moduko bat egokitu dute, eta bertan, bideoz, norbere lekukotasuna grabatzeko aukera izango dute herritarrek. Halaber, idatziz ere hustu ahal izango da barrena.

Halaxe egin zuten Aintzane Ezenarrok, Olatz Peonek eta Markel Olanok, orri koloredunetan mezu bana utziz:

Aintzane Ezenarro: Memoria guztion artean eraiki behar dugu, baina ikuspegi kritiko eta autokritiko batetik. Ikasteko asmoz.

Olatz Peon: Elkarbizitzaren bidean egindako pauso guztiak dira txalogarriak. Miresten dut tentigantzak egin dituen pertsona oro. Mila esker!!

Markel Olano: Askok ikusi ditugu pertsonak lurrean hilda. Pertsona bakoitzaren historia ezagutzea garrantzitsua da. Ezinbestekoa, sufrimendu guzti hau alferrik gal ez dadin.

Gorrotoaren aurkako sendagaia

Biktimen ausardia azpimarratze horretan bat etorri ziren, irekieran, Markel Olano eta Olatz peon: "Ikasteko asko dugu testigantza horietatik, eta kontatzeko ausardia ikaragarri da", azaldu zuen Peon Tolosako alkateak. Era berean, alkateak "gorrotoa ez transmititzen ikastea" euskal gizartearen behartzat jo zuen. Ahaldun nagusiak, berriz, herritar bakoitzaren esperientzia alferrik galtzen ezin dela utzi azpimarratu zuen eta, bide horretan, herritar guztiei dei egin zien beren lekukotasuna uztera: "Askok ikusi ditugu hildakoak gure aurrean. Nik, adibidez, gogoan ditut Inaxio Uria, Azpeitian, eta bi ertzain, Beasaingo bidegurutze batean. 1936tik hona, milaka hildako izan dira Euskal Herrian, eta milaka sufrimendu ixil, eta horrek konponbide bat behar du; orain egin dezakegu, eta egin dezagun".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!